Begoña, lehengusina, izarren hautsa izan zinen bizigai eta izarren hautsa zara betiko. Jubilazioa ospatuta, hilabete pasatu ez zenean, albiste makurra jaso zenuen: minbizia hedatua zure gorputzean, eta hilabete pare bateko kontua izanen omen zen. Etorkizunerako proiektu bizigarri sendoak amets zenituela, zure seme-alabei, senarrari, senideei, lagunei eta mundu honi agur egin beharra. Patu madarikatua! Heriotz kupidagabe maltzurra! Nola egiten zaio aurre heriotzari, ustekabean ate joka ari denari? Egun batetik bestera, osasuntsu egotetik gorputza erabat hondatzeko bidean sartuko denean. Gogoaren hustutasuna eta negarrak. Zergatiaren amorrua eta galderak. Hartu beharreko erabaki zail eta gogorrak. Bizigai diren minutuak sakon bizitzeko nahia, eta hil arteko atsekabe mingarriari aurre egiteko premia. Halaxe, erabaki sendoak hartuta, hurbilekoen laztan eta losintxa samurrak, Basaburuko mendietako Otsolako pagoen itzalaren usain gozagarria, errekaren xuxurla jostalaria, haize finaren ukitu zoragarria, eta eguzki izpi leunen epeltasun lasaigarria. Bizitza aberatsari esker onez eta duintasunez agur esateko pena, heriotzari emandako besarkada otzana.
Hiletaren ekitaldia sinplea eta hunkigarria, zibila esaten dena, ez elizkoia. Hasteko, ahizpa zaharraren hitzak senide guzien izenean, Begoñaren bizitzaren kontakizun laburra, pertsona xumea eta zorionekoa -azpimarratuz-; ondoren, bera medikua denez eta heriotza eguneroko langaia izanik, nabarmendu zuen heriotzari aurre egitea kontu gogorra dela, ez gaudela prestaturik, ez digutela erakutsi eta, gehientsuenok, ez omen dugu ikasi. Baina, trantze horretatik, lehenago edo geroago, pasatuko gara denok, inor ez baita hilezkor. Bizitza dugu opari, arreta eman behar ikasgai garrantzitsuari. Ondoren, akordeoiaz eta kitarraz lagunduta, Txoria Txori abestu genuen. Gero, Begoren lagun batek hitza hartuta, azaldu zuen haren izakera, bereziki pertsona onarena, injustiziekiko eta naturaren hondamenarekiko borrokalaria eta sentibera. Bukatzeko, txistulariek Agur Jaun-andreak musikatuta, amaitu egin zen hileta. Begoña, gure gogoan betiko, izarren hauts bihurtu arte!