Anariren Gari eta goroldiozko fikzio biografiak idazkera aberatsa du, eta egindako ibilbidean ikusitako paisaiek eta irudiek beregan sortzen dituzten burutazioen deskripzioak egiten ditu. Horietako batean, kostaldeko herri bateko etxerako bidean, hainbat arrantzale ikusi ditu ur gazia eta geza nahasten diren lekuan. Arrantzale horiek zenbait kasutan psikoterapeutaren gomendioz ariko dira arrantzan, eta harrapatzen dituzten arrain horiek estolderietatik jaisten diren droga eta tankera guztietako botikez berbitaminatuta omen daude. Hala, esponentzialki biderkatzen omen da lorazepam, orfidal, antsiolitiko eta beste hainbat botiken eragina. Jakina, Anarik burutazio hori izateko zeozer jakin behar zuen gernu edo pixaren bidez, estolderietako uren analitiketan jasotzen diren emaitzez, alegia, droga eta botikak uraren agente kutsatzaile oso garrantzitsuak direla. Batzuetan, kontua ez da zer ikusten dugun, baizik eta ikusiak, leituak eta adituak ditugun kontuez janzten ditugu begien bidez, batez ere, jasotzen ditugun irudiak.
Gaur, Israel Gazan burutzen ari den bonbardaketa masiboaren irudi bat ikusi dut. Lehenengo planoan, emakumezko bat haur bat besoetan bilduta daramala bonbek txikitutako eraikinaren hondakinen artetik atera nahian. Bigarrenean, gizonezko eta emakumezko multzoa hondakinak arakatzen eta trabaturik gelditutakoak libratu nahian. Hirugarrenean, irudiaren inguru osoa hartzen dutela, sei bat solairutako etxebizitza multzoa lehergailuek txikituta. Dagoeneko, hiru hilabetetan, Sakanak adinako eremua duen lurraldean, hogeita bost mila bostehun hildako palestinar omen dira, %70 emakumezkoak eta haurrak.
Argazki horrek iruditerian interpretazio bakarra du: estatu terrorismoa. Ez da gerra bat; sarraskia eta genozidioa baizik. Gelditu beharrekoa. Erailketa eta txikizio masibo horretako krimen arduradun guztiak epaitegira eraman behar dira. Gazako haurrek ez dute bonben jasarik merezi; haiek irribarreak eta maitasuna behar dute. 2023 urteak utzitako irudiak lazgarriak dira, 2024 urtea izan bedi bakea eta osasunarena!