Aurreko batean, tabernan kafe bat goxo-goxo hartzen ari nintzela, ondoko mahaikoen zalapartak atera ninduen nire baretasunetik. Izan ere, aita bat bere semeari (suposatzen dut) bobo, bobo oihuka hasi zitzaion, amorruz beteta eta bere onetik aterata. Semea zurbil eta ikaraturik. Familiarteko inork ez zuen mugimendu berezirik egin. Nonbait, mutikoak katiluren bat-edo apurtu zuen. Egoera penagarria! Ni ere isilik eta lotsaturik.
Arrazoia ez duenak, oihua handi dio esaera zaharrak. Batzuetan, argudio faltan, ahotsa altxatuta indartu nahi izaten da arrazoibidea. Kasuren batean, haserrea arintzeko baliagarria ere izan daiteke, esaterako, foruzainari egindako kexa goratua isun petrala jartzeagatik. Hala ere, gehienetan, gorputzaldi garraztua gelditu ohi da. Gainera, oihua tartean sartuz gero, komunikazioa eten egiten da, igorlearen mezua ez da hartzailearengana ailegatzen, edo honek murru bat eraiki duelako (berdinen artean), edo izuturik blokeatuta dagoelako (hierarkia dagoenean).
Hona hemen oihu egiteari buruzko ekialdeko ipuin eder bat. Zergatik jendeak oihu egiten du haserretzen denean?, galdetu zuen irakasleak. Baretasuna galtzen dugulako, horregatik egiten dugu oihu, erantzun zuen ikasle batek. Baina, zergatik oihu egin beste pertsona ondoan badago?, berriro irakasleak. Oraingoan, inork ez zuen erantzun, eta irakasleak esan zuen: bi pertsona elkarrekin haserre daudenean, haien bihotzak asko urruntzen dira; horregatik, oihu egin behar dute elkarri entzuteko. Zenbat eta haserretuago egon, orduan eta urrunago egonen dira elkarrengandik; hortaz, bortitzago egin behar dute oihu elkarri entzun ahal izateko. Alabaina, bi pertsona elkarrekin maitemintzen direnean, elkarri goxo-goxo xuxurlan hitz egiten diote, haien bihotzak elkarrengandik oso hurbil daudelako. Haien artean dagoen tartea oso txikia da. Hori horrela, zer edo zer eztabaidatu behar denean, ez utzi bihotza urruntzen, eta ez esan gehiago urruntzeko balioko duen hitz gaiztorik. Izan ere, ailegatuko da eguna zeinetan urruntzen egindako distantzia hain handia izanen den, non ezin izanen baita atzera bueltako biderik aurkitu.