Aurreko batean, kaletik nindoala gazte koadrila baten ondotik pasatzean, puto frakasao! batak besteari, lagun arteko giroan. Hala ere, pentsabidea eman zidan. Izan ere, esaldi sinple horrek adierazten du nolako gizartea eraikitzen ari garen. Frakasao ez izateko, nahi eta nahi ez, arrakastatsua izan behar.
Arrakasta azaltzen zaigu etengabe hedabide guztien bidez. Denetan muturreko lehia. Futbolariak, pilotariak, pasareletako modeloak, artistak, edo dirutzak irabazten dituzten youtuber, influencer, eta sare sozialetako like-ak. Dena propaganda eta kontsumismoarekin lotuta. Autoak, apaingarriak eta kasoplonak. Zein baino zein arrakastatsuago, ederrago eta garestiago. Haur eta gazteak ere horrela hezten ari dira, lehia eta arrakasta. Lehia eta bortizkeria. Horrekin batera, modan jarri dira estetika eta ebakuntzak. Ile inplanteak eta silikona zakilean. Silikona eta infiltrazio gehiago bular, ezpain eta ipur masailetan. Arazoak sor ditzaketela, eta zer? Negozioak aurrera darrai eta propaganda itogarria da. Estetika hutsezko interbentzioez ari naiz, eta ez beharrezkoak diren errekonstrukzioez.
Mundu desnaturalizatu honetan, badirudi ahaztu egin zaigula zer garen, eta bihurtu gaituzte zer izan behar dugun. Pantailak zehaztutako erritmoan, iragarkien bonbardaketa eta estimuluak. Pentsatzeko ere tarterik gabe, eta gogoa bahiturik. Pentsatzea ez dago modan. Pentsatzen duenak bere burua ezagutzen du. Ez da itxurakeriaren eta modaren menpe egoten. Horregatik, merkantilismoarentzat eta ekonomiarentzat ez da baliagarria. Merkatuak kontsumitzaileak behar ditu, ez bere buruaren ahaldun direnak; nahiz eta badiren hainbat merkantilismo horretan murgilduta, beren burua ahalduntzen dutela uste dutenak. Gorputzaren eta bizitzaren merkantilizazioa, buru gaixotasunen iturria.
Ez da jakintza berria, aspaldikoak dira norbere buruaren jabe izateko oinarrizko printzipioak, hau da, erlijioetan, filosofian eta psikologian ugaritasunez azaltzen direnak. Norbere pertsonalitate propioa garatzea besteek zehaztutako ildoetatik haratago, jokabideetan zuhurtasunez jokatzea, eta bizitzaren proiektu eraikitzailea garatuz joatea, tartean, porrotetatik ikasiz. Izan ere, duintasunez bizitzen ahalegintzen den guztia da arrakastatsua.