Sabela beteta dagoenean errazago filosofatzen omen da. Halabeharrez goseak dagoenak gogo gutxi izanen baitu barau egiteko. Filosofia sakonetan sartu gabe, eguneroko egintzetan makina bat kontu izaten dira pertsonaren ongizateari eragiten diotenak. Horietako asko ttikikeriak, baina egunerokoan tematiak. Asko pozgarriak, baina baita atsekabeak ere. Seme-alabekin konponketak/liskarrak. Etxeko ardurei buruzko planak/eztabaidak. Lantokiko atseginak/buruhausteak. Kalean, bi aparkaleku hartzen dituena. Auzokoaren agurkera sinpatikoa/zehar begiratu lehorra. Ustekabeko trafiko isun maltzurra. Parrandan, neurrigabe mozkortu. Eta horrela, mugarik gabe luza litekeen zerrenda, egunero dantza egin beharreko gertaerak.
Jakina, guztiok gara ezberdin eta bakoitzak bere modura erantzuten die egoera horiei pertsonalitatearen arabera, alegia, esperientziaren, heziketaren, garapen neuropsikologikoaren eta beste hainbat faktore kontuan hartuta. Hori horrela, Askotan, psikologoei entzun izan diegu oso komenigarria izaten dela eguneroko bat idaztea egindako gauza garrantzitsuenak jasoz. Baina, ze rollo, ezta? Nor hasiko da eguneroko bat idazten? Halako ordutan, dutxa hotz-beroa hartu dut. Gehiegi gosaldu dut, pasada bat. Lanerako bidean semaforo gorria pasatu dut, berandu bainindoan. Lanean, nagusiak nabarmen harrapatu nau mobila kontsultatzen. Eta, egunero letania berdina. Bada, horren ordez, duela jada 2.000 urte, Epicteto filosofo greziarrak eguneroko sinple bat idaztea proposatu zuen. Soilik hiru esaldi labur idatzi edo gogoan hartu behar dira. Lehenengoa, zer egin den ongi. Gauza bat bakarrik. Bigarrena, zer egin den gaizki. Eta hirugarrena, zer aldatu behar den. Horrela, formula sinple hori erabilita, ematen du jokabideez kontzientzia sakona hartzen dela, eta norberaren eguneroko ekintzetan hobekuntza nabarmena lortzen omen da. Azken batean, ekintzak zehazten du pertsona, ez hainbeste esanak.
Horrela bada, udaldian bete-betean sarturik gaude eta garai hau aproposa izan daiteke bizi filosofiaz hausnarketatto bat egiteko. Izan ere, ikasketak eta lana alde batera utzita, sasoi hau astiroago eta lasaitasun handiagoz hartzen dugu. Hortaz, ez da garai txarra izanen gogoa indarberritzeko eta pixka bat filosofatzeko.