Berriki, Kordobilan argitaratzen den egunkarian Javier Andreuk La mano de Irulegi: del mito a la ciencia artikulua idatzi du. Javier Andreu Pintado historiako katedraduna eta Nafarroako Unibertsitateko Arkeologia Diplomaren zuzendaria da.
Sinetsi ezinik ere leitu dut halako ikasketa tituluak eta karguak dituen pertsona batek sortutako testua izateagatik. Haren esanetan eskuaren erabilera sinbolo gisa erromatarrengandik ikasitako erritua eta aldarrikapena izanen omen litzateke (edo feniziarrengandik, edo… eta?). Sorion formak ez omen luke harremanik egungo zorion formarekin (bada, antzekotasun handia, ezta?). Irulegiko idazkiko testuak eta beste antroponimo baskonikoek argi azaltzen omen dute etena dagoela garai bateko baskoniko eta egungo euskararen artean (etena, bai…baina, hango sustraiak izanen ditu egungo euskarak, ez da hala?). Irulegiko testua latinizazio aurreratuaren adierazlea omen da eta argi utziko omen luke Nafarroa hizkuntza askotako lurraldea zela eta, gainera, euskarak ez omen zuen presentziarik eliteengan (orduan, euskararen hedapen historiko probatua eta erdi arotik dokumentatua den Nafarroako hiru laurdenetako euskal toponimia nola azaltzen ote da?). Inguruabar horretako lekukotasunek argiro azaltzen omen dute baskoniko haiek erromatar izaten ikasi egin zutela (ejem… orduan, gu gaurko nafar euskaldunok, zer ote gara?).
Argi dago zein den Javier Andreuren helburua, hain zuzen ere, Irulegiko eskuak euskaldunongan sortu duen poztasuna eta identifikazio historikoa gutxiesteko eta lohitzeko ahalegina, besterik ez. Egungo euskaldunoi eta euskarari Nafarroan tokikotasuna eta berezkotasuna ukatzeko saiakera. Euskara eta euskaldunon eskubideen aurkako narratiba eraikitzeko asmoa, ideologizatua eta balorazioez betea, zientzia hitzez apaindua. Edozein gauza, baina euskaldunak inolaz ere ez. Andreuren zientifismo petralari jarraikiz, egungo euskaldunok ez gara existitzen. Izan bagara, baina, dirudienez, probarik ez! Zenbait kasutan, pertsona batek tituluak eta karguak izanagatik, izaten ahal da leloa. Horixe maila intelektual eskasa! Zorionez, euskaldunok horrelako ergelkerien gainetik gaude! Gu gaurko euskaldunok hitzak baliatuta hasten da Iruñeko Foruen monumentuko idazkuna.