Algoritmo maiz entzuten den hitza dugu, batez ere ordenagailu, mugikor eta matematika munduarekin lotuta. Google-en bilaketaren bat eginez gero, ondoren bilatutakoaren inguruko propaganda edo albisteak barra-barra jasotzen dira. Eskaintza horien atzean algoritmoak omen daude. Horrela, algoritmo adimentsuak eskainitako albiste batean "algoritmo de Yrigoyen" izenburuan leitu dut. Hara! Algoritmo, modu anonimoan frankotan entzuna dut, baina horrela izen-abizena jarrita inoiz ez; gainera, euskal abizen batez lagunduta! Jakinmina nire gogoaz nagusituta, interneten arakatzeari ekin diot.
Ikusi dudanez, izen horren atzean Hipolito Irigoien Argentinako euskal jatorriko politikari eta estatista aurkitzen dugu. Nonbait, ez zen nolanahikoa izan; garai nahasietan arrasto indartsua utzi zuena, baizik. Bitan Argentinako presidente, 1916-1922 eta 1928-1930 bitartean. Bere agintaldietan, Argentinak garapen ekonomiko handia izan zuen. Elite feudalen aurka, erreforma ekonomiko garrantzitsuak. Marxismoaren teorizazioak alde batera utzita, enpresarien eta langileen artean elkarrekintza beharrezkoa zela uste baitzuen, langileen grebarako eskubidea ez zuen inoiz galarazi. Garairik zailenetan ere, adierazpen askatasunak ez zuen eragozpenik izan. Inoiz ez hitz zakarrik edo irainik kontrarioen aurka. Bizitza pertsonalean, erabat soila eta apaindura gutxikoa, irabazien zati handi bat dohaintzan behartsuenei banatzen ziena. 1929ko Depresio Handiaren krisia gogorraren bor-borraldian militarren estatu kolpe batek agintetik kendu zuen, 77 urte zituenean. Geroago, "el diario de Irygoyen" figura metaforikoa sortu zen, nolabait esanez, estatu kolpea izan aurreko tartean ez zuela errealitatean gertatzen zenaren berri zuzenik izan, baizik eta aholkulariek prestatutako albiste edertuak. Jakina, dena gezurtatuta dago; nonbait, kolpea justifikatzeko trikimailua. Orain, Irigoienen algoritmoa berrasmatu dute argentinarrek Miley presidentea ez dela benetan errealitatean gertatzen ari denaz ohartzen esateko.
Gurean ere, Irigoienen algoritmo gehiegi sumatzen da politikagintza guztiz ideologizatuta. Herritarren beharrak apalki konpondu ordez, harrokeria, entzungorkeria eta jauntxokeria. Halaxe gertatzen da Abiadura Handiko Trenaren inposaketa justifikagaitzarekin ere. Beste balore batzuk praktikatu zituen Hipolito Irigoienek. Horregatik, egin dezagun Tren Sozialaren alde!