Eguberri on!

Antonio, gizaseme kaskagogor samarra baina jatorra zen, basozaina lanbidez, ikasketa gutxikoa baina bizitzan oso ikasia. Horrela, egun batean, egunkarian leitu nuen Kintoko basozaina izandakoa etxeko konponketa bat egiten ari zela aldamio batetik erorita hil egin zela. Horixe ustekabea! Harekin familia mailako harremana genuenez, biharamunean eta hurrengo egunetan egunkariari erreparatu nion ea hiletak noiz burutuko ziren jakiteko, atsekabe horretan, bere emazteari eta seme-alabei gure doluminik sentikorrenak azaltzeko. Baina, eskelarik ez. Harriturik, haren hurbileko lagun bati deituta, esan zigun, familiak erabakita, Antonioren heriotza izan zela-eta, ez zutela ez hiletarik ez bestelakorik egin behar. Horrela, egun batzuk pasatzen utzita, bere alargunari eta seme-alabei bisita egitera joan ginen. Elkar agurtu eta doluminak azaldu ondoren, hiletaren gaineko berririk ez izateagatik gure harridura aipatzean, Eukenek esan zigun Antoniok, behin jubilatuta, osasunez bizkor bazebilen ere, Covid-aren ondorioz herioaren itzala ikusita baitzen, berari eta seme-alabei gozotasun osoz esan ziela kasualitatez hilez gero, bere hileta eta gainerako kontuak nola izatea nahi zuen. Eskakizun horien artean omen zeuden ez zuela egunkarietan eskelarik nahi, ez elizkizunik, ezta beste ekitaldirik ere; bere agurra familia txikian egitea nahi omen zuen, eta kitto! Eta halaxe egin zuten, eta hantxe zeuzkaten Antonioren errautsak, egongelan, keramikazko pote dotore batean sartuta; hortaz, aukera izan genuen Antonio bera ere agurtzeko (edo, haren izpiritua).

Urte zahar hau hiltzera doanean, hainbat kontu eska litezke urte berria hobea izan dadin. Esaterako, nafar politikariak elkarrekin mokoka ibili ordez, ahaleginak egin ditzatela herritarren premiak konpontzeko (etxebizitza, herrietako despopulazioa eta bizi kalitatea, industria eta kalitatezko lanpostuak, migranteen egoera, natalitatea…). Edo, Ukrainako milakako gazteren sarraskia eta Israel Gazan burutzen ari den genozidio basatia bukatzea, nazioarteko oinarrizko eskubideak aintzat hartuta. Edo, Mediterraneoko heriotza kopuru eskandalagarria amaitzea, eta abar. Gerra eta gorrotoaren lekuan bakea eta lankidetza. Beharbada, gauza potoloegiak Olentzerori eskatzeko. Eguberri on!