Diru emozionala

Zein emozio gordetzen du diruak? Eguberriak pasa diren egunotan, poltsa diruz ondo beteta izatea ezinbestekoa dirudi, txin-txin hotsa bukatu ez dadin. Ni ere gabonetako giroan murgilduta ibili naiz eta hitz hauekin, ez nuke nahi topikoez hitz egin, “diruak ez du zoriontasuna ematen” eta horrelakoez.

Nire asmoa hausnarketa txiki bat egitea besterik ez da, diruarekin dugun harremanaz hitz egin nahiko nuke. Lotsa, erresumina edo eta beldurra bezalako emozioak pertsona, familia eta enpresetan finkatu direla ematen du. Askotan emozio horiek dira aurrera egitea eragozten dutenak edo eta harremanak ozpintzen dituztenak. Eta ondorioz, oparotasunera heltzea ere zailagoa izaten da. Batzuk lotsa sentitzen dute besteak baino gehiago edo gutxiago irabazten dutelako; besteak, aldiz, erresimendua injustiziarekin lotzen baitute diru konturen bat; eta, jendeak beldurra sumatu dezake ere bai, etorkizunean nahikoa diru izango ez duenaren beldurra, alegia. Kolore ezberdinetako paper txikiak izen edo kontzeptu handiekin izan dute lotura historikoki: boterea, gizarte klasea, zoriontasuna, sufrimendua, justizia, esfortzua, oparotasuna..

Zertarako lagun gaitzake diruarekin sentitzen duguna azaleratzeak? Sentitzen dugunaren konzientzia badugu, harreman hori hobetzeko hasiera puntua zein den jakingo dugu. Edozein coaching prozesutan, gakoetako bat, konzientzia edo autoezagutza da eta horrek ahalbidetzen du bidean aurrera egitea edo eta helburua lortzea. Zoriontasunaz eta oparotasunaz hitz egin nahi badugu, diruarekin dugun menpekotasuna askatzea eta guk geuk nahi bezala kontrolatzea garrantzitsua da. Hori lortzeko, gure emozioak ezagutu eta aitortzea ezinbestekoa da.

Sentitzen dugunarekin konektatzerakoan eta garenarekin bat egiterakoan, lortu nahi dugun horri heltzea errazagoa da. Orduan, dirua, soilik tresna bat izango da. Azken finean, arreta gure esentzian eta nahian ipintzean datza eta ez tresnan.

Urte berri eta oparo on. 

www.bainoa.eus