Alba Emoting™ metodologiari buruzko ikastaro bat jaso berri dut eta artikulu honetan emozioen lengoaiari buruz eta hauek lantzeko eta hobetzeko sistema interesgarri honi buruz hitz egingo dut.
Emozioak ekintza zehatz bateruntz bultzatzen gaituzte, egoera ezberdinei aurre egiteko erantzun azkarrak dira. Hauen funtzio nagusia komunikatzea da eta edozein prozesu terapeutikotan denbora nahikoa eskaini behar diegu.
Badira oinarrizko emozioak, alaitasuna edo eta tristura adibidez; baita emozio mistoak, malenkonia bezalakoak. Gogo-aldartea aldiz, emozioa geure gorputzean denbora luzerako geratzen denean suertatzen da eta osasun arazoetan islatu daiteke.
Lehen esan bezala, emozioak komunikatzeko balio dute, badute lengoaia propioa, emozio bakoitzak harnasketa mota bat baitu eta gorputz adierazpena ere asko aldatzen da batetik bestera. Susana Bloch Psicofisiologak 6 oinarrizko emozioen ezaugarri zehatzak aztertu zituen : beldurra, amorrua, tristura, alaitasuna, maitasuna eta erotismoarenak. Alba Emoting™ sistema sortu zuen, oinarrizko emozio horiek lantzeko, harnasketa eta gorputzaren bidez. Jokabide eta adierazpen ereduak aldatuz, emozio guztiak sentitzeko aukera ematen du eta horrela, gure sentipenen ezagutza eta kontrola areagotzen dugu. Gainera, emozio bakoitzarekin lan egiterakoan, gure blokeoak eta zailtasunak zeintzuk diren jakitera heldu gaitezke. Metodologia hau aktoreekin ere erabili ohi da, euren rola sinesgarriagoa izan dadin.
Gutariko askok, sinismen negatibo batzuen ondorioz, emozio batzuk sentitzeko eta adierazteko zailtasunak ditugu. Gustoko ez ditugun batzuen aurrean ezikusiarena egiten dugu. Lanketa emozionalaren lehen pausua, beraz, emozio guztiak onak direla onartzea izango da, denak baitute euren funtzioa. Esaterako, beldurra gure helburuak lortzeko etsaitzat daukagu baina badu bere funtzioa, bere alde ona: alertan ipintzen gaitu, egoera baten aurrean izan ditzakegun arriskuez informatzen gaitu. Pertsonaren arabera, forma ezberdinetan agertu ohi da: antsietatea, izua, pasibotasuna...Alba Emoting™ metodologiaren arabera, emozio honetan sartu eta desblokeatu ahal izateko harnasketa ahotik hartu eta bota behar dugu, azkartasunez, gorputza tentsio altuan egon beharko da eta begiak zabal-zabalik, beste ezaugarrien artean.
Prozesu emozionalerako bigarren pausua, emozioak neurri egokian regulatzen ikastea izango da. Intentsitate ezberdinak daude metodologia honen arabera eta batetik bestera pasatzen ikasten badugu, autokontrola hobetu dezakegu. Horretarako, berriro ere, gorputza eta harnasketa baliatuko ditugu. Emozio batzuk intentsitate altuan edo baxuan soilik bizi ohi ditugu. Gutariko batzuk, amorrua adierazterakoan gaitzespena jasotzeren beldur gara eta beraz, gorde egiten dugu. Horrela, ez askatzearen ondorioz, intentsitate oso altuan adierazi dezakegu edozein egoeraren aurrean. Baina zertarako balio du amorruak? Emozio honek ekiten laguntzen gaitu, erabakiak hartzen eta arriskuak hartzen ere bai, mugak jartzeko ezinbestekoa da edo eta garen bezalakoak agertzeko. Kasu honetan, emozioa bizitzeko, harnasketa motza izango da, sudurretik, eta begiak puntu batean enfokatuta daude , masailezurra estutzen dugun bitartean.
Sistema honen arabera, askatu ezin dugun emozioa askatzeko, kontrako energia sortzen duen emozioaren laguntzarekin ere egin ahal dugu. Amorruaren kasuan, adibidez, maitasunaren gorputz adierazpenetik ( Harnasketa lasaia eta geldoa sudurretik, masailezurra solte eta irribarre leunarekin) Bien arteko oreka bat bilatu dezakegu horrela, momentu berean harnasketa eta adierazpen batetik bestera salto eginez.
Azken finean, emozio guztiak ditugula onartu behar dugu eta hauek guztiak modulatzeko ahalmena daukagula. Sentitzea ez da aukeratu dezakegun zerbait baina emozio bakoitzarekin zerbait ikastea edo eta kudeatzen ikastea bai. Emozioak lagun bilakatu behar ditugu, gure ongizaterako. Eta zuk zein emozio landu nahiko zenuke?