“EUSKARAK 365 EGUN
Topaguneren deiari jarraituta, eta Aizpeak bultzatuta, Irurtzunen Mosaiko bat eta bideo bat grabatu ziren kanpaina honetarako. Euskarak 365 egun kanpainak, gure hizkuntza egunero erabili behar dugun zerbait dela oroitaraztea du xede.
Publicado el 18/12/2013
Irurtzunen 365 kanpainaren barruan grabatutako bideoa. Aizpeak bultzatutako ekimena eta Itziar Matxainek egindako muntaia.”
Orain artekoa, Irurtzun Euskaraz blogetik kopiatu eta itsasia. Hitzez hitz. Astelehenean, goizeko 10:10ean 769 erreprodukzio 1:33ko bideo laburrak. Esan dezadan, gainera: Erabiltzaile berak bideoko play gezitxoa bost hamar adiz sakatu eta grabaketa ikusi arren, zenbakia tenkor: 769. Harrigarria benetan (bisitari kopuruaz ari naiz). Irurtzun bezalako herri koskor batean halako arrakasta!!
Askotan bururatzen zaigu euskararen erabilera indartzeko kanpainek deustarako balio ote duten. Bistan da baietz. Zorionak egile eta “Guk euskaraz” abestu eta dantzatu duten artista haur, gazte eta heldu guztiei. Irurtzungo Oscarra, zuena.
Azpian, komentario edo iruzkinak jasotzeko gelaxkak, zuri, hutsik. Aukera alperrik galdua? “Bai, baina...”-ren seinale adierazgarria. Idazteko garain, behintzat, motz geratu garen seinale. Nahiago omen aho hizkuntza bizi eta goxoa. Zuzena. Zergatik ez, ordea, sareak eskaintzen dizkigun leiho zabal hauetan ere, euskara ikusgarri bihurtu, “euskara mundura jalgi”? Eta lehenengoa neroni izango banintz? Zergatik ez? “Bideoa zoragarria iruditu zait, freskoa eta bizia....
You Tube klikatu dut, badaezpada. Zenbaki bera: 769. Bihar berriro sartuko naiz.