Sarera terapia bila

Erabiltzailearen aurpegia Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleen topagunea 2014ko mar. 28a, 06:00

Zertaz idatzi? Zer komunikatu? Betiko topikoetan erori behar ote? Polemikari ateak ireki? Probokazioaren iratzargailua martxan jarri esnatzeko? Larunbateko Iruñeko manifestazioaz? Idatz litekeen adjektiboa hautatzea, zaila. Ugaria eta arrakastatsua, batzuentzat; orain gutxi Nafarroan aldaketa politikoa aldarrikatzeko deialdiak izandako erantzun jendetsu eta masiboarekin alderatuta. Adjektibo onargarria lotzeko beldurra. “Hilaren 22an euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko eta euskaraz bizitzeko eskubidea babesteko manifestazioak” ez zuen erantzun hobea merezi eta behar?

Ezkortasunaren arriskua baztertzeko terapia, bizi dugun egoera eta geure buruak nahiz jokamoldeak ulertzeko errezeta saretik iritsi zaigu. Itsumenaren aurkako antidoto bikaina. Sarean bolo-bolo dabilen “Espainiar laguna: Moreno Cabrerari elkarrizketa TVE” delakoa. Erdaraz, bai, gazteleraz. Baina euskaldunok behin eta berriz entzun beharrekoa. Bertsio originalean izan arren ez digu kalterik egingo. Mesede galanta, bai. Julio Sotoren Nazioa den hizkuntza, Euskara, maiuskulaz, aintzat hartu eta baloratzera eraman gaitzaketen hitz argi bezain garbiak. Iñigo Aranbarrik Berrian laburbiltzen duenez “Moreno Cabrera espainiarrekin adiskidetzen zaituen pertsona horietakoa da. Bestela esanda, norbera ere jarrera negargarrietan ez erortzeko antidoto ezinbestekoa.”

Norberak erabaki behar zein diren bere “jarrera negargarriak” eta jokaera aldatu, jakina.
Entzuteko: Idatzi bilatzailean: Entrevista a Juan Carlos Moreno Cabrera en "Para todos La 2" edo www.youtube.com/watch?v=rA2ghdnDoDM