To, har ezak zama eta eginkizuna! Herorrentzat nahi ala ez. Sormena, irudimena, ekimena, nortasuna, askatasuna nahiz hainbat men eta tasun... nola garatu, landu eta jorratu zeregin horretan? Egiteko desatsegina.
Zuzendu. Hizkuntzaren erabilera. Ez norberarena, beste batzuek eginikoa baizik. Sortzaileen idaz-lanetan muturra sartu eta okerrenaren bila (beti), hutsegiteen bila, hastea. Ahalegin zein presa biziz.
(Patxadan aritzea ezinezkoa) lortutakoa hankaz gora jartzera. Hobetzeko, nola ez. Nor izan gabe, besteen gainetik jarri behar egitekoa burutzekotan. Zaila ikuspegi baikorra erabiltzea. Akatsak non topatu, ehiza zakur trebe, dabilenari ezinezkoa testuaren alde dotore eta onak baloratzea. Horrek beste irakurkera bat eskatzen du, begi garbia. Zuzenketak zuzentzailea bera baitu ozpintzen, ezkor bihurtzen. Deformazio profesionalik okerrenatakoa: hutsegiteak eta akatsak besterik ezin ikusi eta irakurri izatea. Gozamenerako irakurketak bestelako jarrera eskatzen du. “Halakok hau eta hau esan edo idatzi du. Eta zeinen ederki, garbi eta txukun”. Zuzentzaileak holakorik ezin egin.
Zalantza erabatekoa inguruan biraka. Zuzenduko diot? Adieraziko diot “modu zuzenean” hobeki legokeela? Nola, ordea? Pasatzen utzi? Gure hizkuntzaren erabileran nahiko eskuzabal jokatzen ari gara. Horrela behar omen (adituak dixit) hizkuntzak, izaki bizidunak izaki, etengabe garatzen ari baitira. Izaera eta nortasuna galdu gabe, itxuraldatzen.
Zuzentzeko tentazioa hain da handia! Beharra bezainbatekoa? Orain gutxi kide batek adierazia: “Zure zuzenketei esker bertan zuzen erabiltzen dut”. Zuzen dezagun, beraz, zuzen jokatuz.