Oporrak

Erabiltzailearen aurpegia Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleon topagunea 2014ko uzt. 11a, 06:00

Astebete ia deskonektatuta eman ondoren, lasai, korreoan sartu orduko Guaixeren uztailaren 3ko abisua “heldu den astean zure idatzia argitaratu nahi genukeela. Ea posible duzun astelehen eguerdirako bidaltzea.” Astelehena gaur da, San Fermin eguna. Ea posible dudan? (Ez dut “aber” erabiliko, ez horixe; ez dut horren beharrik.) Ez zizkigun, bada, Guaixek ekainaren 12ko mezuan  oporrak eman? Begira: “Ikasturte honetan Aizpea euskara taldekoak zintzo asko aritu zarete (...). Zuek ez nekatzeko eta euskalgintzako beste ahots batzuei ahotsa emateko ikasturte berrian beste eragile bati lekuko hori pasatzea erabaki dugu.” Primeran. Aizpearen bilera batean mezua irakurri ere egin genuen. Lan bat gutxiago. San Juan gaua prestatu, haurrendako Udan euskaraz blai kanpaina antolatu eta... oporrak, iraila arte jai.

Ikasturte berria, Guaixekoek argi ziotenez, irailean hasten omen. Ikasturtea garagarrilarekin batera despeditu nahi guk. Gaizki ulertua? Opor gosea? Kasurik ez egin? Paso “astelehen eguerdirako bidaltzea” horri? Baina zintzo aritu bagara...

Haritik tiraka: oporrak, paso egin... Paso egin ez, baina paso eman, bide eman  zergatik ez? Zergatik ez Aizpean bertan? Gazteagoei. Ospa egin.Tokia utzi. Betikoak, betiko? Egia da gazteagoekin elkar- lanean aritu izan garela gauza zehatzetan. Pikuxarrekoekin, bereziki. Gutxiegi, zalantzarik gabe. Guaixekoek beste ahots batzuei, beste eragile batzuei aukera eman behar zaiela diote. Gaiari behin baino gehiagotan heldu izan diogu, egia. Aprobetxa ditzagun bi hil hauek hausnarketarako. 

Bukatzeko, eskerrak Guaixeri tarte hau utzi izanagatik eta ea (aber-ik ez) hurrengoan Aizpeako kide berriek heltzen dioten egiteko honi.