KULTURA EUSKARAZ, AINGURATU GURA

KULTURA EUSKARAZ, AINGURATU GURA

Guk euskaraz bizi nahi dugu , baina ez etxean bakarrik. Euskaraz bizi nahi dugu etxean, ikastolan, kalean…bizi garen tokian bizita hori delako berezkoa, naturala. Gure seme-alabak euskaraldun aktibo izatea nahi dugu, ez baita gauza bera euskara ezagutzea eta euskaraz hitz egitea edo euskaraz bizitzea. Horretarako, ez da nahikoa eskolan eta etxean euskaraz aritzea edo ikastea. Hizkuntza batean bizitzeko, ez da nahikoa etxeko eta eskolako lana. Hizkuntza batean bizitzeko hizkuntza horretan gozatu egin behar da. Euskaraz bizitzeko, beraz,  euskaraz eta euskararekin gozatzea ezinbestekoa da, eta horretan, aisialdia gakoa da. Aisialdia euskalduntzea premiazkoa ikusten dugu. Zentzu horretan, momentu honetan Altsasun euskaraz bizitzea oso zaila da ume, gazte zein helduontzat.    

 

Euskarak egoera gutxituan jarraitzen duela oso presente izanda, gure etxean, hainbat konturekin hautu konsziente eta bideratuak hartu behar izan ditugu. Horien artean pantailen kontsumoa legoke. Nafarroako egoera kontuan hartuta, zeinetan ETB 3 ikusteko aukera ez den telebistan automatikoki hautatu daitekeen kate bat horretarako eskubiderik ez dugulako, ezinbestean, telefono konpainia hautatzerakoan, ahal izan denean,  ETB 3 eskaintzen dituzten konpainiak hautatu ditugu. Zentzu horretan,  pantailen eta telebistaren kontuan, batez ere, Udalak ere izan du eta izan dezake oraindik ere zer borrokatu: Dagokion foroetan pantailak euskaraz eskatuz. 

 

Etxetik ateratzerakoan, euskaraz bizitzen jarraitzeko kultur eskaintza zaindu nahi izan dugu beti, baina gure herrian ez da erraza izan, eta gure seme-alabak eta gu geu euskaraz bizi ahal izatea oso zaila da. Umeen kasuan,  hilean behin zinema euskaraz izateak ez du ume baten kultur eskaintza euskalduna bermatzen ez asetzen, eta are gutxiago eskaintza txiki hori desagertzen bada. Gainerako adin tarteetako eskaintzaren portzentaia ere ez da euskaraz bizi ahal izateko nahikoa. Egia izan daiteke euskarazko kultur eskaintzek jende gutxiago jasotzen dutela, baina ohitura sortzeko, eskaini egin behar da. Egun dagoen hutsunea handia da, eta ezinbestekoa da lehenbailehen hori aztertu eta dauden aukera eta baliabide guztiak martxan jartzea. Horretan, beraz, Udalari euskararen egoerak eskatzen duen tamainako erantzuna izatea eskatuko genioke. Egun, euskaraz dakien ume eta gazteen portzentaia altua da, zorionez, eta ume eta gazteen kultur eskaintza,  eskutik joan beharko litzateke. Baina baita helduon kultur eskaintza ere.  Dena den, kultur eskaintza hori, ez litzateke soilik Iortiako Kultur Gunera mugatu beharko; izan ere, herriko jaietan, ospakizunetan…zaindu  eta bermatu beharreko kontua baita. Horietan guztietan haur eta gazteei zuzendutako ekintzak euskaraz eta euskal kulturan oinarritutakoak izatea ezinbestekoa ikusten dugu, baina gure seme-alabak euskaraz bizitzeko helduak euskarazko ekitalditan…euskaraz gozatzen ikusi beharko gintuzkete, eta horretarako, ezinbestekoa da helduon kultur eskaintza ere euskaratik egitea. Hau da, herriko jai eta ospakizunetako musika eskaintza eta bestelako kultur ekitaldietan euskararen eta euskal kulturaren presentzia areagotu beharko litzateke: egunero talde euskaldunak ekarriz, euskal erromeriak areagotuz, inguruko euskal taldeei tokia eginez…

Bestetik, eskolaz kanpoko eskaintzen kontua legoke. Azken horiek euskaraz eskaini ezezik, euskaraz egiten direla, eta komunikazio-hizkuntza euskara dela bermatu beharko litzateke Udaletxetik. Izan ere, jakin badakigu, oraindik ere badirela erdaraz egiten direnak. Guretzako ekintza horiek euskaraz izatea ezinbestekoa da euskara ekintza dibertigarriekin…lotzeko eta euskaraz bizitzeko, baina batzuetan ez da hala izan, eta ondorioz, hainbat erabaki hartu behar izan ditugu seme-alabak euskaraz bizitzeko. 

 

Gure seme-alabek euskara egunerokoan aritzeko beharrezkoa dela ikusi behar dute, eta horretarako, helduok, gurasook eredu izan behar dugu, eta zer esanik ez Udalak. Euskaraz bizitzeko aukera erreala izan behar da. Udalaren egiteko guztietan euskararen normalizazioa egon beharko litzateke presente eta horrekiko duen erantzunkizuna aintzat hartuta, arduraz jokatu. Izan ere, lehen esan bezala, egoera zaurgarri eta gutxituan dagoen hizkuntza, euskara da: Geurea.