Datu soziolinguistikoek hala diote eta herrian hala hautematen da: Altsasun, euskararen ezagutzak eta erabilerak goraka egin dute azken urteotan eta goranzko joerari eusten diote. Alabaina, zer motibazio dute herriko euskal hiztunek jarrera horri eusteko?
Herri bat euskalduntzen laguntzen duen faktore nabarmenetakoa da bertako jarduerak euskaraz eskaintzea, eta esango nuke Altsasu hankamotz ibili dela beti alderdi horretan.
Nire esperientziari tiraka, txikitan, hizkuntzaren jabekuntza betean, motza zen eskolatik at euskaraz egin zitezkeen ekintzen zerrenda: zinema (tarteka filmen bat ateraz gero), musika (zorterik izan eta irakasleak kasualitatez euskaraz bazekien), margoketa eta gutxi gehiago. Kirolek gaztelaniarantz jotzen zuten oro har, eta zeinen garrantzitsua den kirola adin horretan!
Zer esanik ez kulturan. Esku artean beti euskaraz idatzitako liburuak izan ditut, liburutegiko eskaintza osoa irentsi arte, baina Altsasuko irakurtaldeari bultzada bat falta zaio oraindik osorik euskaraz gauza dadin. Ildo beretik, Mankomunitateak Sakana mailan antolatutako Maria Markotegi lehiaketa da idazteko dagoen aukera bakarra. Musikari dagokionez, jaiak igaro berri ditugun honetan, urtean euskal talde bat gonbidatzearekin kontzientzia lasai duen herria dela dirudi Altsasu, helburua soberan betea balu bezala: kitto. Hala, herriko arlo guztietako sortzaileak babesgabe sentitzen gara herrian eta, gehienetan, kanpora jotzeko beharra ernaltzen zaigu.
Baina, nola ez, neure eremura ekarri nahiko nuke kontua: nolakoa da bertsolaritzak Altsasun duen lekua? Ezdeusa. Eta hori benetan kezkagarria da. Izan ere, besteak beste bertsolaritzak ematen dio hiztunari hizkuntzaz jabetzeko parada aproposa, bertsoak motibatzen du herritarra, entzule ere baden aldetik, giro euskaldunean sartzeko, eta hark eskaintzen dio euskaldunari euskaraz aritzeko plaza.
Bertso eskolan hasi nintzenetik, eta badira dagoeneko hamahiru bat urte, oso saio gutxi oroitzen ditut herrian. Saio urri horietako gehienak geronek antolatuak izan dira, Bardoen aitzakiapean, eta Udalaren sostengurik gabe. Bestelako gonbidapenak ere iritsi zaizkigu, esaterako, Euskal Herrian Euskarazek ferietan urtero antolatzen duen bertso poteorako, arte erakusketa batean kantatzeko aukera edo AEKren eskutik. Udalak babestu dituen saioak, ordea, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa batera eta 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurreko batera mugatzen dira. Azken bi saio hauek, jakina, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, hurrenez hurren, bultzatu dituzte batez ere. Gainera, azpimarratzekoa da biak ala biak mukuru bete zirela, izan ere, Altsasuk duen pribilegio geografikoak bertso mundua erakartzen baitu, eta horrek herrian egun osoko giro euskalduna sortzen du, ezinbestean.
Sakanan orokorrean, baina batez ere Sakanako hiriburuan dauden bertso eskolak eta horietan dabilen haur eta nerabe kopurua kontuan hartuta, ulergaitza ez ezik, sinesgaitza ere bada egoera. Areago, gazte horientzat erabakigarria izan daiteke euskal kultura kontsumitzea eta bertako erreferentziak sortzea, eta baita, oraindik hizkuntzaz jabetzen ari diren adin horretan, euskarazko input nahikoa izatea ere. Azkenik, esan gabe doa bertsotan jarraitzeko zein beharrezko den bertso saioak gertu izatea.
Bestalde, Euskal Herri osoko herrietan barna egiten dira urtero bertso saioak, jaialdiak eta sariketak, askotan jaietan. Baina Altsasuk festetan ere ez du saiorik, Altsasuk urte osoan ez ditu lau bertsolari deitzen edo ez die herriko bertsolariei plazarik eskaintzen.
Amai dezadan azalduz hiru akats nabarmentzen direla bertsogintzan: potoa edo errima errepikatzea, hankaluzea (behar baino silaba gehiago sartzea bertsoan) eta hankamotza (bertsoak behar baino silaba gutxiago izatea). Eta horrela, ezer lortu nahi badugu, hankamotz gabiltza.