Altsasura 2017.urtean heldu nintzen eta nire aberria Argentina den arren, Euskal Herriak eta bereziki bere hizkuntzak betidanik piztu izan dit interesa.
Hortaz, lur euskaldunera heldu, nire egungo bikotea ezagutu eta Altsasura elkarrekin bizitzera etortzea erabaki genuen.
Urte batzuk geroago, gure lehen alaba jaio zen, eta urte pare bat beranduago, gure bigarren semea. Guk argi genuen: emaztea euskalduna izanda eta nik euskara ikasteko nuen irrika aintzat hartuz, familia euskaldun bat eraiki nahi genuen. Horrexegatik, AEK-n izena ematea erabaki nuen. Hortaz, esan dezaket, ia ia herrira heldu nintzenetik jarraitzen dudala euskara ikasten eta nahiz eta hizkuntza zaila den, gaur egun nire familian euskaraz aritzeko eta bizitzeko gai naiz.
Esan nahiko nuke ordea, honi lotutako kezka handi bat dudala. Urte hauetan guztietan zehar, nire sorpresa honakoa izan da: herriak eta bereziki kultur etxeak euskaraz eskaintzen duen kultur eskaintza oso murritza da. Sinesgaitza iruditzen zait nolatan den posible, herriak berea duen hizkuntzari muzin egitea, horrek dakarren guztia kontuan izanik: gazte erdaldunak heztea eta hizkuntz gutxitu honi kaltea eragitea, besteak beste.
Lehen esan dudan bezala, nire seme-alabak euskaraz hezi eta hazi nahi ditut eta kultur eta aisialdi esparruak bereziki garrantzitsuak iruditzen zaizkit prozesu honetan. Beraz, alde batetik, euskaraz kontsumitu eta komunikatu nahiko nuke, nire euskara ikasketa prozesua gauzatzen jarraitzeko eta bizi euskaldun bat izateko. Bestetik, nire seme-alabekin batera euskarazko kultur eskaintzaz gozatu nahiko nuke, haiek ere gure hizkuntza baloratu eta hura gozatu dezaten. Eta hau, Altsasun ez da erraza izaten ari.