Euskara ikasten, baina gaztelaniaz bizitzen.

KULTURA EUSKARAZ, AINGURATU GURA

Altsasura etorri nintzenean ez nekien herrian bi hizkuntza zeudenik. Arazorik gabe gaztelania ikasi nuen; klasera joan nintzen ikastera, eta hemengo jendearekin erabiltzen hasi nintzen, paseoan, aerobik klaseetan, dendetan, telebistan etab…

Gaztelania ikastea beharrezkoa izan zen eta da hemen bizitzeko.

Ondoren, nire alaba jaio zen, hasieran A ereduan matrikulatzea pentsatu nuen. Zergatik?

Nik euskara ez nekienez, pentsatu nuen ezingo nuela etxeko lanekin lagundu. Baina gero, nahiz eta euskara ez jakin, hemengo lagunek beraien seme-alabak euskarazko eredura eramaten zituztela ikusi nuen. Haiek konbentzitu ninduten nire alaba D eredura eramateko. Euskararekin izan nuen lehen harremana nire alabaren bidez izan zen, bere ipuinak, kantak eta hitz batzuk.

Zergatik erabaki nuen nik euskara ikastea? Gaztelaniaren antzera, euskara ikastea beharrezkoa bihurtu zen niretzat.

Lana bilatzen hasi nintzen eta lan guztietarako B1 eskatzen zutela ohartu nintzen. Hasieran, honek, haserrearazi ninduen, pentsatzen nuelako garbitzeko, gidatzeko edota hainbat lanetarako euskara jakitea ez zela beharrezkoa. Baina denbora pasa ahala oinarrizko maila bat beharrezkoa zela ohartu nintzen, kartel bat irakurtzeko, pertsona euskaldunak ulertzeko… behar bada, ondo hitz egitea ez da ezinbestekoa, baina ulermena bai.

Gainera, etxean,  nire alaba euskaraz mintzatzen hasi zen, eta bera ez ulertzea onartezina zen niretzat.  Momentu horretan erabaki nuen euskara ikastea, momentu horretan ohartu nintzen Altsasun ezin zarela euskaraz bizi. Klasera joaten hasi nintzen baina kalean % 90 gaztelania zen, tabernetan, dendetan, telebistan, kuadrillan, zineman, antzerkietan… Euskara ikasten, baina gaztelaniaz bizitzen.

Mintzakideei esker hasi nintzen euskaraz bizitzen, gaur egun lanean saiatzen naiz, eta ahal dudan guztietan euskaraz aritzen naiz. Gero eta gehiago hitz egin, orduan eta errazago izango da euskaraz benetan bizitzea. Baina lanean bakarrik egiten badut edota lagun euskaldunen batekin, zaila izango da hori. 

Altsasun euskara eskaintza gehiago izatea espero dut, gure eskubidea da, horrek erraztasuna ematen digulako euskaldun berrioi; bai euskara ikasteko baita euskaraz bizitzeko.

Nire esperientzia:

-4 hilabete behar izan nituen gaztelania ikasteko, 6 hitz egiten hasteko eta urte batean 100% gaztelaniaz bizitzeko gai izan nintzen.

- Euskaraz aldiz, 6 urte ikasten; 4. urtean hasi nintzen kalean hitz egiten. Gaur egun  10 urte pasa dira ikasten hasi nintzenetik, eta % 40ean bizi naiteke euskaraz soilik.

Nire kasuan, lanari esker erabiltzen dut euskara, ez badut gehiago erabiltzen berriz ere klaseetara bueltatu beharko naiz, ikasitakoa ez ahazteko. Ondorioz, argi daukat herritarrok eskaintza gehiago behar dugula euskaraz bizitzeko