Ainhoa Lopez de Goikoetxea Gamboa iturmendiarra notarik altuenarekin sartu da irailetik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko lehen ikasmaila egiteko matrikulatu diren ikasle guztien artetik. 18 urteko ikasleak 13,67ko puntuazioa eduki du, ateratzen ahal zen gehieneko nota 14 izanik. Puntuazio hori Batxilergoko noten eta Unibertsitatean Sartzeko Probetan (USP) ateratakoaren batez besteko nota da. Industria Teknologietako Ingeniaritza egingo du Unibertsitateko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (TIIGMET).
Ainhoa Lopez de Goikoetxea D ereduan (euskaraz) egin zuen Zientzia eta Teknologien Batxilergoa, Altsasuko Altsasu BHIn. Bigarren Hezkuntzako bi ikasmaila horietan atera zuen batez besteko nota 9,95 izan zen.
Neskak Iturmendiko Arrano Beltza Ikastetxe Publikoan egin zuen Lehen Hezkuntza, eta irailaren 8an, ostegunean, NUPen graduko lehen ikasmaila egiten hasiko den 1.755 ikasleetako bat da.