Ziur aski jende gehienak entzungo zuen noizbait Santiago Calatravaren izena. Nahiz eta arkitektura munduan oso adituak ez izan telebista nahiz egunkarietan noiznahi agertzen den arkitekto polemikoa da.
Calatrava Valentzian jaiotakoa da eta munduko arkitekto ezagunenetakoa da. Munduan zehar hainbat eraikin egin ditu azken urteotan eta onartu beharra daukat egin dituen eraikuntza gehienak ikusgarriak direla. Bere obrak herri identitate bilakatu ohi dira.
Hala ere, ez nuke esango arkitekto hau bere obren ikusgarritasunengatik soilik egin dela famatua. Tamalez akats handiekin egindako eraikinak baitira, eta akats hauek denborarekin azaleratu dira, milioi asko kostatu diren eraikina hondatuz.
Arkitekto honen diseinuen ezaugarriak asko dira baina eraikin gehienetan zer edo zer errepikatzen du bere sinadura erakutsiz. Eraikin gehienak kolore zurikoak dira eta egitura ikusgarriz osaturik daude animalia itxurak hartuz. Nire ustean teknika ia ezinezkoak ibiltzea gustatzen zaizkio eta ezinezkotasun hau limitera eramatea da bere helburua.
Obra garrantzitsuenak izendatuko ditut: Valentziako arte eta zientzien hiria, Atenaseko olinpiadetako estadioak, hain polemikoa den Veneziako zubi bat, Suedian eraikitako “turning torso” etxebizitzak…
Euskal Herrira ere ailegatu dira Calatravaren eraikinak, esaterako, uso itxura duen Loiuko aireportua, Ondarruko zubi zuria eta Bilboko beste zubi zuri peatonal bat.
Aurreko batean Arabako Laguardian izan nintzen berak eraikitako bodega batean. Honek ere Calatravaren sinadura duen egurrez egindako eraikina da eta bere eraikin gehienak bezala benetan ikusgarria dela esango nuke, baina bakoitzaren iritzian utziko dut eraikin hauen edertasuna.