Ezaguna egin zitzaidan tren geltoki bitxi hura baina sekula egon gabe nengoen. Bertako tabernan kafe bat hartzen ari nintzela taberna zerbitzariari galdetu nion ea bazekien geltokiaren historiari buruz zerbait. Harro asko esan zidan geltoki hori Eiffel frantziar famatuaren obra bat zela.
Hori izan zitekeen ezaguna egitearen arrazoia, aurreko batean Parisen izan bainintzen besteak beste Eiffelek diseinatutako dorre erraldoian. Badakit Parisko dorrea eta Donostiako tren geltokia konparatzea astakeria bat dela, baina egiturak diseinatutako orduan sistema eta dekorazio berak dituztela esango nuke.
Aurrerago zertxobait aztertu eta, ez dut argi Eiffel Euskal Herrian izan zenik. Honi buruz hainbat iritzi baitaude, baina bere esentzia geltoki hartan nabarmendu nuen.
Munduan zehar makina bat eraikin ospetsu ikus ditzakegu arkitekto eta ingeniari frantziar honen sinadura dutenak. Batik bat, Oportoko zubia, Budapesteko tren geltoki ikusgarria, New Yorkeko “Estatua de la Libertad” eta nola ez Pariseko ikur garrantzitsuena bilakatu zen dorrea.
Pariseko Eiffel dorrea munduan dauden eraikinetatik maitatuenetako bat dut eta aurten ezagutzeko zortea izan dudanez, bere argazki bat ipiniko dut adibide gisan. Hemen, ikusgarria iruditu zitzaidan hankatik mugitzen den igogailua agertzen da.
Eraikinari buruz entzun dudan bitxikeria bat kontatuko dut. 324 m-ko dorre hau 1889. urtean eraiki zen Pariseko erakusketa unibertsalaren ondorioz. Askok jakingo ez duten bezala, erakusketa bukatu eta dorrea berriz desmuntatzeko asmoa zuten. Horrela izan balitz, zer izango zen gaur egun Paris Eiffel dorrerik gabe?