Iruñea

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Igoa Nazabal 2014ko abu. 1a, 06:00

Aurten ere sanfeminetan izan naiz egun pare batez. Festa hauetan beti bezala, giro desberdinak disfrutatzeko aukera izan dut, adibidez, udal enparantzatik beste Alde Zaharreko kale askotara, edota Takonerako Nafarroa Oinez gunetik, Errotxapean egoten den jaigunera.  

Nahiz eta jai giroak arreta handiena eraman, hiriari buruz hausnarketa egiteko denbora ere izan dut. Ikaragarria da Nafarroako hiriburuak arkitektura aldetik zer aldaketa eman duen azken urteotan. Betidanik eraikin oso interesgarriak izan arren, orain protagonismoa eman zaie eraikinak berrituz eta arkitektura modernoarekin konplementatuz.

Adibidez, Alde Zaharrean oso interesgarriak iruditzen zaizkidan eraikin berritu batzuk Nafarroako Artxiboaren eraikina (kapitania) eta Kondestableko jauregia dira. Zeresanik ez dago La Perla hotelak izan duen aldaketak nola jantzi duen Gaztelu enparantza.

Arkitektura berriari dagokionez, interesgarriak iruditzen zaizkidan beste batzuk izendatuko ditu, esate baterako, Baluarte eta bere plaza inguratzen duten eraikinak, Gotorlekua apaintzen duen autobus geltokia, zabaldu berri duten bi unibertsitateen arteko pasioa, Karlos III.a etorbidea, Errotxapeatik Alde Zaharrera eramaten duten igogailuak…

Hala ere, arkitektura interesgarria ikusi  nahi duenak 60-70ko hamarkadan egin ziren hainbat eraikin ikus daitezke Gaztelu bueltan edota 2. zabalgunean.

Bukatzeko, nik orain dela urte gutxi ezagutu nuen ibilbide eder bat aipatu nahiko nuke. Hau Takoneratik hasi eta hiriko muraila paretik Alde Zaharra inguratzen duen ibilbidea da. Errotxapeatik igotzen diren igogailuen atzetik pasa eta katedral atzealdera joaten da. Ondoren polemikoa izan den pasarela berri batetik igaro daiteke zezen plazara eta aurrerago ilargi erdiko parkean amaitutzat eman dezakegu ibilbidea. Ibilbide honek Paseo de Ronda izena du.