Aurten Nafarroako Unibertsitateko arkitektura eskolaren 50. urteurrena zela eta, Pritzker saria lortu duten 3 arkitekto bildu zituzten bertan, hitzaldi jendetsu batzuk emateko. Arkitektura munduko nobel sariak lirateke Pritzker sariak. Maisu hauek Soto de Moura portugaldarra, Alvaro Siza portugaldarra (hau pertsonalki ez zen agertu, bideoz hitz egiteko aukera izan zuen) eta Rafael Moneo tuterarra dira alegia.
Beste biak oso interesgarriak izan arren, Moneoren inguruan bideratu nahiko nituzke gaurko hitzak. Mundu mailan arkitektura eta arte arloetan nafar honek duen izena sinestezina da, errespetatuenetakoa baita. Agian bere eraikinak ez dira beste batzuenak bezain deigarriak, baina dotorezia eta sentsibilitate handiz eginikoak dira denak.
Unibertsitatean nengoela bere hitzaldi batera joateko aukera izan nuen, bertan ere auditorioa entzulez gainezka egon zen. Momentu hartan Los Angeleseko katedrala egin berri zuen eta bere diseinua eta esperientziei buruz hitz egin zigun. Hau eraikin ikusgarria nahiz ederra iruditu zitzaidan.
Munduan zehar obra ospetsu ugari ditu baina gertuko batzuk izendatuko ditut. Esaterako Donostiako Kursaala, Iruñean dagoen Nafarroako Artxiboa, Iruñeko Foru enparantza, Lizarrako Julian Chivite upategia, Deustuko Unibertsitateko liburutegi berria eta Iruñean bukatzear dagoen Nafarroako Unibertsitateko arte museoa.
Iruñeko museoa obran zegoela ikusteko aukera izan nuen duela hilabete batzuk eta Nafarroako eraikin esanguratsuenetako bat bilakatuko dela aurreratuko nuke. Eraikin osoa interesgarria iruditu zitzaidan batez ere teilatuan sortutako espazioa. Moneok museo honi buruz egindako hitz batzuekin bukatuko dut: “Ez nuen nahi museoa tresna bat izan zedin, kanpotik paisaia bat baldin bada, barrutik eraikinak hiri bat izatea nahi du”.