astekoa

Maitasun ikerketa

Erabiltzailearen aurpegia Ane Bañasco 2025eko urriaren 13a

1997an, Arthur Aron psikologoak ikerketa bat argitaratu zuen: intimitatea sortzeko

diseinatutako 36 galderei erantzunez, bi ezezagun maitemindu egin zitezkeen. Ideia oso ezaguna egin zen, planteatzen baitzuen maitasuna ez dela beti kasualitatetik sortzen, baizik eta zaurgarritasun partekatuaren bidez ere landu daitekeela.

Duela gutxi esperimentu hau probatu nuen lagun batekin. Barre artean hasi ginen, jolas soil bat bezala, laugarren galderan negarrez hasi eta eztarrian korapiloa sentituko genuela imajinatu gabe, modu horretan irekitzea zein sakona izan daitekeen deskubritu genuelako.

Galderak ez dira sinpleak: biluztera behartzen zaituzte, beldurrak, oroitzapenak eta desioak partekatzera, askotan adierazten ez direnak, ezta sakonki ezagutzen dituzunekin ere. Hor ulertu nuen maitasuna ez dela erromantikora mugatzen. Lagunen maitasuna oso garrantzitsua dela, sostengatzen zaituena, eta maitatua eta lagundua sentiarazten zaituena.

Hainbat urtetako adiskidetasunaren ondoren ere, galdera horiek aukera eman ziguten ezagutzen ez genituen bestearen txokoak aurkitzeko. Jadanik egina zirudien bide batean beste urrats bat egitea bezala izan zen.

Azkenean, esperimentuaren gakoa ez zen maitemindu gintezkeen ikustea, besteen aurrean irekitzea gogorra dela gogoratzea baizik. Ezezagun batekin bertigoa sor dezake; lagun batekin ustekabeko loturak sendotu ditzake. Izan ere, garen bezalakoak garenez, beti dago elkarrekin hazteko aukera.