Urtero errepikatzen da eztabaida berdina: noiz da une "egokia" Gabonetako apaingarriak jartzeko? Sare sozialek jaien egutegia aurreratu dute; Halloween edo Gau Beltzaren mozorroa gorde berri dugu, eta zuhaitzak, gabon kantak eta, jakina, Mariah Carey bere amets musikal luzetik esnatzen hasi dira eta badirudi mundu osoa haren lehen "It´s time" oihua entzuterakoan dardarka hasten dela. Azaroaren 1a bihurtu da Gabonen hasiera eguna.
Askok kritikatzen dute: goizegi dela, kontsumismoa sustatzen dela, Gabonetako magia galtzen dela... Baina, benetan gauza txarra al da? Gabonak maite ditugunontzat, garai hori ez da datetan neurtzen, sentsazioetan baizik. Pertsonalki, abenduaren hasierari itxaroten saiatzen naiz, lotsarengatik edo zer esango dutenarengatik, benetako gogoari erreparatu gabe. Izan ere, gustura piztuko nituzke argiak azaroaren hasieran.
Azken finean, niretzat Gabonak ez dira gehiegikeriak, ez opariak, ez janariak, ez erosketak. Etxea da. Tapakien beroa da, txokolate beroarekin ikusten diren filmak, etxea apaintzea, koloretako argiak, jengibreko gaileten usaineko kandelak, gabon kanta zaharrak, gaztaina erreak, mahai jokoak... Autozainketa eta mimoa da, bizitza erromantizatzea eta benetan garrantzitsua denarekin berriz konektatzea.
Nire familiak berdin bizi du: elkarrekin, barrez, konpartituz. Eta hori bihotzez eskertzen dut. Beraz, agian ez dago une "egokirik" Gabonak hasteko, agian une egokiena zure etxeak argi gehiago behar duela sentitzen duzun eguna da.