Astekoa

Partekatzea ere erantzukizuna da

Erabiltzailearen aurpegia Ane Bañasco

Fake News edo albiste faltsuak sare sozialak baino askoz lehenago zeuden. Zurrumurruak eta manipulazioa ez dira berriak. Aldatu dena da gaur egun zer abiadurarekin zabal daitezkeen. Minutu gutxitan, milaka pertsonarengana irits daitezke, inork zalantzan jarri gabe egia ote den.

Eta ez gara beti erabat asmatutako albisteez ari. Testuingurutik kanpo erabilitako irudi erreal batek, osatu gabeko datu batek, gehiegizko titular batek edo manipulatutako bideo batek, ere informazio faltsua zabaldu dezakete. Beldurra, haserrea edo sumindura eragiten dituzten edukiak zabaltzen dituzte; izan ere, jakin badakite, zerbaitek mugiarazten gaituenean errazagoa dela erreakzionatzea.

Arazoa da desinformazioa ez dela errugabea. Pertsonei buruzko estereotipoak indartu ditzake, gorroto diskurtsoak elikatu, eskubideak zalantzan jarri, errealitate desberdinak ukatu edo irudi distortsionatua eraiki. Gezur batek beti kolektibo berak seinalatzen dituenean, horien ondorioak ere sozialak dira.

Instagram, TikTok edo beste edozein plataformaren bidez informatzeak ez du zertan zerbait negatiboa izan. Nola erantzuten dugun da gakoa. Nork argitaratzen du? Nondik ateratzen da datu hori? Beste iturri batzuek kontatzen dute? Zer testuinguru falta da? Zer emozio eragiten digu?

Informazioz gainezka dagoen mundu batean, partekatu aurretik pentsatzea elkar zaintzeko modu bat ere bada. Kontrastatzea eta geure buruari galderak egitea ez du esan nahi fidatzen ez garenik, baizik eta herritar kontzienteagoak bihurtzen ari garela. Izan ere, informazioak ez digu mundua nolakoa den bakarrik kontatzen; mundua begiratzeko eran ere eragiten du.