Harreman batzuk segurutzat jotzen ditugu beti hor egon direla eta beti hor egongo direla pentsatzen dugulako. Baina ziurtasunak bakarrik mantendu al ditzake lagunak?
Adiskidetasuna ere, merezi duen beste edozein harreman bezala, zaindu egin behar da. Ez du zertan eguneroko keinu edo elkarrizketa handirik behar; interesa, presentzia eta borondatea baizik. Norbait nola dagoen galdetzea, bere kezkak gogoratzea, elkar ikusteko tartea bilatzea edo, besterik gabe, gure bizitzan leku bat izaten jarraitzen duela sentiaraztea.
Egia da pertsona bakoitzak modu desberdinean ulertzen duela adiskidetasuna. Badira noizean behin elkar ikustea nahikoa dela uste dutenak eta bidea gehiago partekatu behar dutenak. Ez da bat bestea baino hobea. Hala ere, agian garrantzitsuena da ulertzea harremanek nolabaiteko erantzukizun afektiboa ere behar dutela…
Bizitza eta lehentasunak aldatu egiten dira, eta denetara iristea kostatzen zaigun etapak igarotzen ditugu denok. Baina aldea dago denbora faltaren eta harremanari eusteko ardura beti besteen esku uztearen artean.
Agian lagunak zaintzea ez da neurtzen mezu kantitatearen arabera, planak nork proposatzen dituen edo aurrekoan nor agertu zenaren arabera. Erritmoak desberdinak izan arren, bestearen bizitzaren parte izaten jarraitzeko nahia dagoela sentitzea da kontua.
Izan ere, lagunak ez lirateke mantendu behar izan zirenagatik bakarrik, baizik eta eraikitzen jarraitzen denarengatik ere. Batzuetan, maitatzea ez da nahikoa; beste pertsonari maitatua dela sentiaraztea ere garrantzitsua da.