Hang

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Viñas 2014ko mar. 7a, 06:00

Kaixo lagunok! Gaur instrumentu ezberdin batez hitz egiteko gogoa dut zuekin. Duela urte bat gutxi gorabehera ezagutu nuen, eta momentu horretatik ezin izan dut burutik kendu.

 

Instrumentu hau Hang-a da, PANART enpresak 2000 urtean Suitzan sortutako perkusio tresna berri bat.

Eskuekin jotzeko altzairuzko tresna bat da. Tresna hau sortzeko jatorria Europan “SteelBand”-en hazkundea izan zen; 1993-an sortu zen PANART enpresa eta 2000 urtean tresna berri honek argia ikusi zuen.

Tresna hau modu ezberdinetan jo dezakegu: esku osoarekin, behatz lodiekin, hatz-mamiekin edota hiru modu hauen nahasketa eginez. Normalean Hang-a musikariaren hanken artean jartzen da jotzeko.

Metal doinu harmoniko bat ematen du eta melodiak egiteko gai izan gaitezke, nota eta doinu ezberdinak ateratzen direlako.

Tresnak bi hemisferio ditu haien artean itsatsita, goiko hemisferioak Ding du  eta behekoak, berriz, Gu. Ding aldea (goiko partea) zirkulu forma hartzen dituen 8 tonu ditu, izan ere, zirkulu hauek zirkulu handiago baten barruan daude, eta horrela, 8 tonu horietaz aparte hauen aldaketak entzungo ditugu. Ding-aren erdian zirkulu handiago bat aurki dezakegu, horrek “Gong” baten soinuaren antzekoa egiten du. Gu aldean (beheko partea) zulo bat aurki dezakegu tresnaren barruan sortzen diren doinuak altuago entzuteko.

Tresna honek duen eragozpen bakarra lortzeko zailegia dela da. Hang bat lortzeko gutun bat bidali beharra dago, zure eskutitza aukeratu beharra dute eta horretarako hilabeteak pasa daitezke. Behin gure eskutitza aukeratutakoan gonbidapen bat jasoko dugu Suitzara joateko, han PANART enpresaren zentralean guk aukeratuko dugu zein Hang nahi dugun.

Tresna hau hobeto ezagutzeko eta bere doinua behar den bezala entzuteko youtubera jotzea gomendatzen dizuet, bertan Daniel Waples bilatu, bolumena igo eta erlaxatu. Egun gogor baten ondoren beti dator ongi Hang abesti bat edo bi.