Duela bi aste, nire lagun batzuekin zinera joan ginen Iñarrituren Birdman film berria ikusteko asmoz. 21 gramos, Amores de perros eta Biutiful sortu zituen mexikarraren film berriari buruzko gauza oso onak entzunak nituen eta beraz, gogo handia nuen bere film berria ikusteko. Film berri honetan oso ondo deskribatzen du pelikula osoan aurrean izango dugun pertsonaiaren izaera eta honen nondik norakoak, eta pelikulei buruz ezer gutxi jakinda ere esan dezaket, film oso ona iruditu zitzaidala. Hasiera batean, filma ulertzen zaila edo pixka bat arraroa zela iruditu zitzaigun lagun sorta guztiari, baina, beste alde batetik, zerbait ezberdinaren esperoan geunden eta pelikula honek gure nahiak bete zituen.
Filmean aurkitzen ditugun aktoreak sekulako lana egiten dutela uste dut, eta bertan ikus daitezkeen plano sekuentziak oso onak iruditu zitzaizkidan.
Orain arte musikaz irakurtzera etorri zaretenok galdera bat izango duzue buruan: Zergatik ari da film baten inguruan hizketan musikari buruz aritzen den tipo bat?
Galdera horren erantzuna filmak duen ikaragarrizko soinu bandan aurkitzen da. Filma ikusterakoan ezin nuen sinetsi entzuten ari nintzena. Inoiz film batean entzunda ez nuen musika entzuten ari nintzen pelikula horretan.
Banda osoa Antonio Sanchez musikariak idatzia izan da, eta ez da aurretik entzundako bandak bezalakoa. Bere film baterako lehenengo lanean, Antoniok ikaragarrizko lana egin du, nire ustetan behintzat, eta bateriarekin inprobisatuz bete ditu filmaren 118 minutuak. Erokeria bat dirudiela ematen du 118 minututan bateria bat inprobisatzen entzutea, baina, batzuentzako jazz bateriarik honena den honek, inor alde batera utziko ez duen lana egin du.
Bestalde, zaila da imajinatzea nola lor daitekeen pertsonai baten nondik norakoak bateria batekin bakarrik (filmaren parte handi batean) deskribatzea. Zailtasun honen aurrean Antonio Sanchez-ek lan oso ona egin du, eta bateriaren erritmoak eta intentsitatea aldatuz, pertsonaiak momentu ezberdinetan bizitzen dituen sentimenduak transmititzea lortu duela esango nuke.
Beraz eta bukatzeko, esan beharra daukat niretzako Birdman-en soinu banda urtean entzungo den onena ez bada onenetarikoa izango dela. Zer esango du perkusioa maite duen batek.