astekoa

Utopiak marrazten

Erabiltzailearen aurpegia Asier Mendinueta 2025eko urriaren 6a

Horri osoa tatxoiez bete dut behin berriz, paper puta zimurtu eta zakarrontzira bota dut hamargarren aldiz. The Chemical Brothers-en erritmora gorputza berotzen ari naiz logelan dantzan. Begiak itxi eta ikastolako mahai berdeetan marrazten nituen utopien antzera, nire txoko kuttunak marrazten hasi naiz nire memorian. Begiak itxi eta, Londreseko HEAVEN diskotekara egiten dut hegan. Gau hartan ezagututako kuadrilla xelebre batekin nabil dantzan. Hotzikara batek errealitatera ekartzen nau bueltan, eta langabezian nagoela gogoratzen nau, curriculum gehiago botatzaak! Berriz ere begiak ixten ditut, gogor, eta Berlineko BERGHAIN diskotekako kontrol zorrotz erdi-militarra gurutzatu dut. Bakardadean, iluntasunean, berotasunean, mugitzen dut gorputza, lurrikarak simulatzeko prestatuta dauden bafle horien erritmora. Lagunak datorkit burura. Prekarietatea, osasun arazoak, kaleetan eta etxeetan bizitako indarkeriak… bizi ez, biziraun, batzuk psikiatrak agindutako drogekin, beste batzuk kaleetan erositakoekin, baina beti dantzan. Gure burumin eta buru bero guztiak dakizkigula jakiteak lasaitasuna ematen dit. Nik kuadrilla ez, baina lagun talde disfuntzional hamaika. Ba ahal dakizu noiz egin zuen zure lagunak azken aldiz negar? Nire logelan nabil, lagunen ohorean dantzan. Londreseko Heaven, Berlineko Berghain, ikastolako zirri-borroak eta nire toki kuttun utopikoak nire lagunez beteta imajinatzen ditut. Beste behin, begiak itxi eta logelako hotzikarak lagunen besarkadetan bihurtzen dira. Iluntasunean. Goxotasunean. Berotasunean. Komunitatean.