Björk-en Vespertine diskoak nire egongela laztantzen du txuri-beltzez. Behin berriz begiak ixten ditut begirada atzera bota nahian, baina aurrera begiratzea behartu dut nire burua, eta zisne horren besarkadan galdu dut denboraren joana.
Duela egun pare bat, nire amarekin hizketan nenbilen, kafe bat esku artean, noski, nola gutako batzuek besarkada handi batez agurtzen ditugun maite ditugun pertsonak, eta beste batzuek berriz, 45ºko buru jasotze zorrotz edo esku luzatze automata batekin bakarrik agurtzen duten bere inguruko jendea. Gaur egun bizi ditugun biolentzia politiko, ekonomiko, sozial eta krisi familiar / pertsonal guztien aurrean, intimitate erradikala aldarrikatzen dut. Hori da justu, ARTISTA (letra larriz) islandiarrak duela 24 urte, arpa eta sintetizadore distortsio leunen artean, mikrofonora xuxurlatzen zuena.
Intimitate erradikala, zaintza, maite ditugun pertsonengan, maite ez ditugunengan, ezezagunengan eta norberarengan. Batek ez daki ondokoak zer duen buruan, eta are gutxiago, zer duen sorbalda gainean daraman zorroan. Askotan batek ez daki, bere buru gainean daramana izar hautsa edo kaspa den.
Egun hauetako euri zaparraden tartean, Björk-en ahots gozo krakelatuak egongela laztandu eta kizkurrak kizkurtzen dizkit. Sintetizadore distortsioak euri tantekin sinkronizatu eta soinu sinergia batek zerua argitu du, intimitate erradikalaren beharra gogoraraziz. Arpa baten azken notak urperatzen doaz, azken arnas batean belarrira predikatuz: Bakardadean nola lagunartean, beti, zaintza.