Zientoka gauza ditut egiteko aurten. Nire lehen laburmetraia ideiatzen hasi naiz, dokumental bat bidean dut, eta argazki erakusketa berri bat ireki behar dut hilaren 30ean. Lagun berriak egin, egunero zerbait irakurri eta beste zertxobait idatzi. Lan hobea aurkitu eta pisu berri batean sartzeko beharra dut nahi eta nahiez, alokairua gorantz doa eta ohe azpian altxor gutxi.
Urtarrila pasa da jada eta hemen gabiltza, sistema ustel honen kolapsatzea itxoiten. Bonbak behera, hesiak gora, petrolioz betetako putzu batean leporaino sartuak. Estimulu gaindosi eta momentu historiko zentzugabe hauek nirekin akabatu baino lehenago, hemen 2026an zehar ikusi nahi ditudan gauzen zerrendatxo bat:
Herriko jubilatuek, jubilatuen elkarteko bidaietara joateko, herriko bankuan butroi bat egitea; Sakanako gaztetxeek elizak okupatu eta bertan rave-ak muntatzea. Eta zer ba ez? Nik bertan herriko kaleak nireganatu eta herria argazki erakusketa handi batean bihurtzea. Herrietako etxebizitzak ere, eskuragarri eta beteta; Bertako espekulatzaile zikinen malkoekin baratzeko azak ureztatuko ditut. Azkenik, bertako Punk taldeek nostalgia hutsak alde batera utzi eta gaur egungo arazoei buruzko abestiekin, lokaletako bafleak lehertzen ikusi nahi ditut; ezin da punk-a erosotasunetik sortu. Ez da punk-a ez badu inor haserrarazten.
Jendea egunerokoa pasioz beteta bizitzen ikusi nahi dut. Bero-bero heldu da urtea, eta nire pisua hotz. Asko borrokatu, borrokan bat berotu egin da eta. Beraz, sutsu bizi, bai kaleetan, bai rave-etan, bai jubilatu elkarteetan.