Astekoa

Ogi pusketak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Mendinueta 2026ko maiatzaren 25a

Nire logelan nabil, beti bezala, ordu txikitan bueltaka. Zer esan, ez esan, karaktereak borratzeko tekla erreta eta hankak dar-dar. Konfesionario moduko baten antzera, ordenagailu aurrean esertzen naiz, eta nire hatzak pentsakor gelditu dira. Anekdota ugari fantasia hutsean bihurtu nahian, dena borratu dut berriz, eta orri txuriaren zaplastekoa sentitu dut. Iluntasun hutsean, gela honetako pareta hotzak estutzen hasi dira.

Hilaren 9an nire 24. urtebetetzea ospatu nuen familia eta lagunekin. Aitak, ea “aukera zuzena egin dudan” galdetu ninduen, nik buruarekin baietsi nuen marianito hondoan zegoen olibarekin borrokatzen nuen bitartean; duela zazpi hilabete jada gurasoen etxetik joan nintzenetik, langabezian eta diru zorroa erdi hutsik. Bronski Beat-en “Smalltown Boy” abestiak nahiko ondo azaltzen du dena, honek dioen bezala: bila zabiltzan erantzunak ez dituzu etxean aurkituko.

Batek bere burua galtzeko beharra du batzuetan, galdu, urrun edo gertu, norbera berriz bilatzeko, lokatzetik birsortzeko, dena pikutara bota eta zerotik hasteko. Distantziak asko sanatzen du. Nahiz eta askotan lau pareta hauek gehiegi estutzen nauten, hemen nabil, nire logela berriko iluntasunean, hankak dar-dar baino bihotza bero-bero. Gutxinaka bidea sortzen ari naizela uste dut, baino usteak erdi ustel, Hansel eta Gretel-en antzera ogi pusketak uzten hasia naiz izkina guztietan bueltako bidea ez ahaztutzeko. Hala ere, arratoiak bueltaka dabiltza, bai herrian bai hirian, pusketa guztiak jaten, agian horregatik dabil baso katu baten antzera haien atzetik aita.