Instantzia ezberdinetatik migratzaileak sobran direla ulertarazi nahi da, gizartearen ziurtasunerako mehatxu direla, gure ongizatea kolokan jartzen dutela. Europak bere mugak gogor itxi ditu. Pertsona orok normaltasunez migratzeko duen eskubidea ukatu egiten diete Lehen Mundua deitzen denaren politikek, baina migrazioek jarraituko dute, inongo legeen gainetik; inolako traba-zailtasunen gainetik …
Ikuskizunean oinarritzen den bizi gareneko gizarteak ez dio aurre egiten errealitate gordin honi, eta beste alde batera begiratzen du, migratzaileak gure arazoen errudun egiteko saiakera batean.
Gure ardura eta eginkizuna da, beharrezkoa da arrazakeria elikatzen duten zurrumurruak desegitea, gain beheratzea. Etorkinak ez dira bizi dugun krisiaren arrazoia, ezta langabeziarena, ezta lan duin ezarena ere. Krisi ekonomiko hau merkatu eta elite ekonomikoek sortu dute.
Ez dago harreman zuzenik migrazioa eta laguntza sozialen artean. Euskal Autonomi Erkidegoak, Estatuko laguntza sozialen %40 biltzen du, eta bertan dagoen etorkinen portzentajea %6,8koa da.
Orduan, nola ulertzen da laguntzen inguruan “efecto llamada” esaten dena? Zergatik uste du euskal herritargoak, dagoen migratzaile kopurua egiatan dena baino hiru aldiz hangiagoa dela?
Zer nolako interesa dago uste-sinesmen hauen sorreran?
Arrazakeria eta xenofobia bezalako lakra sozialekin bukatzetik oso urrun bagaude ere, badago itxaropenerako daturik. Izan ere, eta beti Ikuspegiren datuen arabera, 2012. urtean euskal biztanleriaren %11,6ak migrazioa arazo bezala bizi bazuen, 2013.urtean portzentaje hori % 7,2ra jaitsi zen.
Oraindik egiteko asko badugu ere, migrazioa gure arazoen oinarri bezala azaldu nahi duen manipulazio interesatuaren aurrean, zorionez herritargoa gero eta kritikoagoa agertzen da halako kontuen aurrean.