Pertsonaia famatu asko agertu da orain ere, jokalariarekiko elkartasuna adierazten, platanoak janez, eta halakorik berriro gerta ez dadin eskatuz.
UEFAk arrazakeriaren kontrako kanpaina berezi bat dauka, eta futbol kapitaina askok manifestuak irakurtzen dituzte arrazakeriaren kontra.
Zergatik? Oso erraza da: ez dago arrazakeriarik. Dena diru kontua da. Inor ez da arrazista milioiduna den afrikar edo arabiar batekin. Inori ez dio axola Michael Jordan edota Morgan Freeman bezalako auzokide bat izatea ezta?
Pertsona gutxi dago futbol jokalari bati platano bat botatzearen alde, noski. Baina gogaikarria bere ondorioa da: platanoa bota zuen mutilak ikaragarrizko isuna jaso du; sozialki estigmatizatua dago, eta lanpostutik despeditua da.
Eta aldiz, platanoa jaso duen aberats okitua heroi bihurtu da, eta eredu soziala.
Futbol zelai batera joan eta nahi adina irain botatzea, ez dago gaizki ikusia, bereziki arbitroen kontra bada. Baina iraina arrazista bada, kontua aldatzen da.
Egiazko arrazoia da pobre eta gutxiatsiak diren pertsonei benetako fobia diegula. Mehatxutzat hartzen ditugulako.
Horrek kontu larriago batera garamatza. Arrazakeria baino gehiago bi zentzutan jokatzen duen klasismoa dago: batetik, aberatsekiko miresmen gehiegikoa, eta telebistan agertzen diren pertsonekikoa; eta bestetik, pertsona pobreekiko mesprezu gehiegikoa.
Izan al da noizbait Melillan harresia saltatzen saiatu diren pertsonen aldeko kanpainarik? Europan sartzeko saiakeran duten dena arriskatzen duten pertsona horien aldekorik? Ez, noski.
Kontu hau dena definitzeko modurik hoberena, futbol talde bateko jokalariek egin zuten, beraien taldea hondotik ateratzeko eginahaletan arabiar milioidun bat beraienera iritsi zenean. Orduan “jeke” deitzen zioten. Baina benetan dirurik ez zuela ikasi zutenean, beste modu oso ezagun batez deitzera pasa ziren: “El moro”.
Arrazakeria edo klasismoa?