Bai, afrikarrak gara. Gehiago, edo lehenago, PERTSONAK gara. PERTSONA afrikarrak, eta ez birus bat.
Zer izango da hurrengoa? Zer gehiago pairatu beharko dugu?
Ados. Etorkinak gara. Lan bila, bizi baldintza hobeen bila gure lurraldea utzi eta beste harrera gizarte batera iritsi ginen jende duina. Lan egiteko prest eta gogotsu dagoen jende duina gara.
Inori ezertxo ere kentzeko asmorik gabeko jendea.
Inongo laguntzaz probesteko asmorik gabeko pertsonak. Askok sinisten ez badute ere, lana eginez hobe baikaude gu ere.
Baina ez da erraza. Ez dugu bizimodu errazik, eta are gutxiago, ez dugu inola ere aurkitu amesten genuen “paradisua”.
Oso alderantziz: traba, oztopo eta zailtasunak aurkitzen ditugu nagusiki. Jende asko eta askoren abegikortasuna, errespetua eta elkartasuna aurkitzen badugu ere.
Atzerritartasun legea bera, hasteko, lana aurkitzeko zailtasunak, hizkuntza ezberdina, bizi-baldintza duinak –osasuna, hezkuntza, eskubideak, egoera juridiko-administratiboak…– lortzeko aldapa gorak…
Eta azken boladan gertatzen ari diren kontuak: ebola dela eta ez dela zelatatuak sentitzen gara, gaizkileak bagina bezala.
Non gelditzen dira gure eskubideak? Edo ez al dugu ba guk eskubiderik?
Gu ez gara gizarteak gaur egun bizi duen krisiaren errudunak, inondik ere. Bestela oroitu: zer ginen egoera ekonomiko oparoan etorkinen premia zegoenean lanpostuak betetzeko? Birusa al ginen orduan ere?
Noiz izango gara pertsona bezala ikusiak eta tratatuak Europan? Eskubide eta betebehar berdinekin? Lau urtetik behin soilik? Hauteskundeak hurbil daudenean? Zenbaitetan orduan ere ez, azken aldian demokrazia bide hori gure kontra jotzeko ere erabiltzeko saiakera egiten ari baitira toki bat baino gehiagotan.
Toki guztietan denetatik izango den bezala, mesedez, ez gaitzazue denak zaku berean sar. Gure artean ere denetatik baitago.
Eta… EZ! EZ GARA BIRUS BAT. AFRIKARRAK BAIZIK.