Ikasturtea hastearekin bat, ilusioz hasten gara denok etxeetan, ikastetxeetan, lantokietan… ardura zaharrei eta erronka berriei aurre egiten. Gurean ere, Bierrik Fundazioan, gogotsu hasi dugu ikasturtea, eta, horren adibide dira ikasturteko 1. Guaixea garaiz iritsi zela buzoietara eta Beleixe Irratia eta www.guaixe.net zerbitzua esku-eskura ditugula.
Ikasturte berriak aldaketa garaiak ere izaten dira, eta gurean bada aldaketarik eta berririk: azken 4 urteetan Bierrik Fundazioaren gidari eta Guaixe astekariko eta Beleixe irratiko lantaldeen koordinatzaile izan den Ainhoa Urretagoienak lana utziko du, eta Goizeder Antonek hartuko du haren lekukoa.
Bierrik Fundazioaren izenean eskerrak eman nahi dizkiot Ainhoari, urte hauetan egindako lan handiagatik. Garai gogor eta zailetan gidari ardura izan du Ainhoak, eta berak egindako lanari esker iritsi gara gauden egoerara. Ezin esan garai zailak atzean utzi ditugunik, baina egia da Fundazioa eta komunikabideak egonkortze bidean daudela, lantaldeari, bazkideei, laguntzaileei eta kolaboratzaile guztiei esker. Partaide guztien artean zubi-lana ezinbestekoa izaten da, eta lan hori ederki bete du Ainhoak.
Aldaketak badira eta erronkarik ez da falta. Batetik, gertuen dugun erronka ospakizun handi bat: Guaixek 20 urte beteko dituela da eta 15 Beleixe irratiak; hurrengo asteetan zehaztuko ditugu bi urteurren garrantzitsu eta handi horiek ospatzeko ekitaldiak. Bestetik, orain arteko lanetan jarraitu, proiektu berriei eutsi, Sakanan euskaraz bizitzeko lanean jarraitu, komunikabideak indartu, sakandarron arteko zubiak eraiki, webguneko komunitatea zabaldu…
Proiektuek pertsonak behar izaten dituzte aurrera egiteko; proiektuek aurrera egin ahala, pertsonak aldatu egiten dira; hasieran zeudenei bidelagunak gehitzen zaizkie, eta, lantaldea/laguntaldea handituz, proiektua bera orduan eta gehiago handitzen eta zabaltzen da.
Eskerrik asko bidelagun izateagatik, Ainhoa; ongi etorri lantaldera, Goizeder.
Iñaki Mundiñano, Bierrik fundazioko patronatu burua