Ziurrenik eta egiten bada, askok, “paseíllo”a ez dugu zuzen-zuzenean ikusiko. Normalena izango da gehienoi, gertakizun historiko mundial horrek, urtero errepikatzen diren otsailaren hasierako ospakizunetan murgildurik harrapatzea. Batzuei, kinto lagunekin Santa Agedako jaietako mahaien inguruan jan eta edanez, gure loditze edo ile zuritze prozesuaz barre eginez gure adinekoekin. Besteei, ordea, gure lurraldeko edozein sagardotegiren batean non, txotxaren errituala jarraituz, kupeleko sagardo guztia hustearen saiakeran, txuletak bata bestearen atzean sabelera sartzen ditugun.
Diotenez eta segurtasun arazoak argudiatuz, ez dakite oraindik, Otsailaren 8an, Cristina Federica Victoria Antonia de la Santísima Trinidad de Borbón y Grecia, Espainako Infanta eta Palma de Mallorca-ko Dukesa, “Noos” kasuan inputatua, Iñaki Urdangarinen emaztea hain zuzen ere, aparkalekutik, Palma de Mallorcako Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegira ailegatzeko, José Castro epaileak deklarazioa har diezaion, “paseíllo” delakoa egingo duen ala ez.
Hori izango da, auzitegietan, Infantari gehienez gertatuko zaiona. Munduko telebista guztietako ikusleen aurrean lotsa pasatzea, zeren lasai asko egon daitezela monarkikoak, delitu guztiez absolbitua izango da. Horretaz ziur egon.
Beraz, auzi honi dagokionez, herritar aldarrien indar guztiak norabide horretan joan beharko lukete, zeinean Infantak, gutxienez, mundu guztiaren aurrean lotsaren “paseilloa” egin beharko lukeen. Nork antolatuko du sinadura bilketa? Konta dezala nirearekin.
Kexak, iritziak, iradokizunak: dudugalan@hotmail.com