Duela bizpahiru urte hasi nintzen musika irakasle bezala eta lerro pila idatz nitzake haur bat lehen aldiz kantatzen ikustea zein polita den adierazteko, pianoa jotzen duenean begiak nola argitzen zaizkion, edo abesti soil batek klaseko giroa nola alda dezakeen azaltzeko. Baina gaur, emozioetatik pixka bat harago joan nahi dut. Etapa honetan, musika “estra” bat baino gehiago denaren zergatiaz hitz egin nahi dut.
Musika ez da entretenitzeko bakarrik (nahiz eta horretarako ere balio duen). Askotan, helduok haurtzaroko musikan pentsatzen dugunean, abesti itsaskorrak etortzen zaizkigu burura, letra errepikakorrekin, jostailuzko instrumentuekin… Eta bai, hori guztia paketearen parte da. Baina jende askok ez daki haur batek musika egiten duenean, bere garuna lanean ari dela: oroimena, arreta, koordinazioa, hizkuntza, emozioak... dena aktibatzen da!
Zientziak zer esaten du honen inguruan? Hona hemen datu interesgarri batzuk. Alde batetik, musikak hizkuntza hobetzen du. Txikitatik musikarekin esku hartzeak mintzamena prozesatzeko gaitasuna hobetzen du. Beste modu batean esanda: musika egiten duten haurrak, hizkuntza trebetasun hobeak garatzen dituzte. Bestetik, adimen emozionala garatzen du. Musika jardueretan parte hartzen duten haurrek enpatia handiagoa daukate eta besteen emozioak ulertzeko gaitasuna hobetzen dute. Hirugarrenik, memoria eta arreta hobetzen ditu. Hainbat ikerketak erakutsi dute tresna bat jotzeak edo abesteak memoria indartzen laguntzen duela, jarraibideak betetzeko, arazoak konpontzeko edo duela bost minutu eskatu digutena gogoratzeko erabiltzen dugun hori ere (bai, batzuetan helduei huts egiten diguna). Zientziaren atalarekin bukatzeko, sormena eta arazoen konponketa sustatzen ditu. Musika, burmuinarentzako gimnasio moduko bat da. Lotura neuronalak estimulatzen ditu, modu malgu eta sortzaileagoan pentsatzen laguntzeko.
Honek guztiak nahiko serioa ematen du, ezta? Baina, politena da beraientzat musika ez dela neurozientzia mota bat, jolas bat baizik, adierazteko modu bat. Eta oso dibertigarria, gaine
ra.