Beste behin ere, Nazioarteko Emakumearen eguna ospatuko dugu martxoaren 8an. Lanarekin, ahaleginarekin, eta, kasu batzuetan biziarekin defendatzen dituzte milioika emakumek berdintasuna eta emakumeen zein neskatoen eskubideak. Helburua autonomia eta askatasuna lortzea da eta iraganeko arau nahiz eredu inposaturik gabeko herritartasun osoa lortzea da.
Desberdintasunaren aurkako oroitzapen, ospakizun eta borroka eguna dugu. Horregatik, deia egiten dugu bat egin dezagun gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna zailtzen duten estereotipoak eta hesiak desagerrarazteko paktu sozial batekin, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako ereduak sustatzeko. Ezinbestekoa da pertsonak erdigunean jartzen dituen antolaketa politiko, sozial eta ekonomiko baterantz aurrera egitea; eta giza eskubideak, aniztasuna zein berdintasuna errespetatuko dituen baloreetan oinarritutako hezkuntzaren alde egiten duen eredu baterantz joatea.
Asko aurreratu da, baina emakumeon eskubideak oraindik ere urratzen dira. Berdintasuna lortzeko bidean ditugun erronkak argi izan behar ditugu eta tinko mantendu atzera egiteko mehatxuaren aurrean.
Ezin dugu atzerapausorik onartu berdintasuna helburu duten eskubideei dagokionean, ezta biztanle erdiaren ahalmena, talentua eta prestakuntza bazterrean uztea ere. Emakumeen esperientziak, ezagutzak eta baloreak gehitu behar zaizkio gizarteak ezinbestean behar duen aldaketari, eta emakumeen erabateko garapena erraztu behar du aldaketa horrek, emakume nahiz neskato guztiei bortizkeriarik eta bazterketarik gabeko bizitza bermatzearekin batera.
Martxoaren 8an unetxo batean gelditu behar dugu, EMAKUME GUZTIEK ESKUBIDE GUZTIAK, EGUNERO bete daitezen, aldeko apustu eginez.
Eta lerro hauetatik herritarrak, eta bereziki, emakumeak animatu nahi ditugu Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldietan parte har dezaten.