Eguzkia eta oporrekin batera, herriko festak eta jai egunak ailegatzear daude. Hau dela eta, lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egitea xede duen Altsasuko Itunetik, festa parekideen aldarria egin nahi dugu.
Jakina da jaietan bazkariak, afariak, parranda… etabarretan gabiltzala buru belarri. Baina jakina da ere bai etxeko lanak eta zaintza ez dutela jai hartzen. Hau da, norbait arduratu behar da hortaz egun horietan ere. Kontua da urtean zehar honen ardura emakumeok guregan hartzen dugula, nagusiki.
Zera diote denboraren erabilerari buruzko azken galdetegiaren emaitzek: emakumek egunero gizonek baino ia bi ordu gehiago ematen dituzte etxeko lanetan eta zaintzan. Hilean 60 ordu gehiago, urtean 720 ordu gehiago…atera kontuak! Honen ondorioz, beste gauzetan aritzeko denbora gutxiago dugu emakumeok, hala nola jaiaz gozatzeko.
Gai hau, familia ez ezik, beste esparrutara zabal dezakegu: kuadrila, txoko, elkarte edo lagunartera…Hausnarketarako gonbita egiten zaituztegu: nola banatzen dituzue ardurak horietan? Zergatik?
Etxeko lanak eta zaintzak ezinbestekoak dira bizitzarako. Haurtzaroan, zahartzaroan eta gure bizitza osoan guztiok horren beharra baitugu. Egun zaintzari ematen ez zaion garrantzia berreskuratu behar dugu, familian, lagunartean, jendartean….zaintzaren ardura denona baita eta elkarren artean egitekoa.
Jai giroa, parranda egin eta ongi pasatzeko aproposa da. Parrandaz, neskak eta mutilak, emakumeak eta gizonak, denok askatasunez gozatu dezagun ahalegintzeko aldarria egiten dugu ere: ligoteo osasuntsua bultzatuz, koadrilan eta jendartean jokabide sexistak gaitzetsiz… Gogoratu, ezezkoak ezetza esan nahi du beti.
Beraz, festa parekideak lortzeko denok elkarlanean aritu behar gara. Ardurak banatu denok ongi pasatzeko, elkar zaindu eta tratu onean oinarritutako harremanak garatu. Udazkenarte, uda eta festa parekide eta zoriontsuak opa dizkizuegu!