Eta jaietan…zer? Ezetza beti da ezetz!

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen bilgunea 2014ko ira. 5a, 06:00

Uda erdia pasatu da eta hainbat tokitako festaz gozatzeko aukera izan ondoren, laster, gure herriko festak gozatzea tokatuko zaigu.

Festak direla eta, uda hasieran, NIK ERE! Jai parekideen alde! Kanpaina hasi zuen lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egitea xede duen Altsasuko III. Itunak. Helburua emakume eta gizonek festetan gozatzeko aukera berberak izatea zen. Aholku batzuez lagunduta, jai parekide eta erantzunkideez gozatzera gonbidatzen zituen herritarrak.

Festa giroarekin jarraituz, emakumeenganako eraso sexualen prebentziorako eta herritarrak sentsibilizatzeko, Altsasuko Udalak bat egin du Nafarroako Familia eta Berdintasunerako Institutuaren ETA JAIETAN…ZER? Jaietan berdintasunaren aldeko Udalak kanpainarekin. Leloa, hauxe: EZETZA BETI DA EZETZ. JAIETAN ERRESPETUZ BIZI GARA. Honekin batera doan irudia festetako egitarauan agertuko da eta herrian barna kartelak jarriko dira.

Emakumeenganako errespetuan oinarritutako kanpaina da. Hitzezko erasoak,  abusu fisiko arinak eta sexu bortxaketak ahalbidetzen dituzten jokaerak gainditu behar dituzte mutil eta gizonek. Bestalde, guztion ardura da denok festaz gozatzea. Horregatik, neska, mutil, emakume nahiz gizona izan, holako jokaera eta jarreren aurrean ez zaitez isildu, gaitzetsi eta salatu baizik, festak ez direlako emakumeenganako eraso sexistak justifikatzeko aitzakia.

Gogoratu nahi dugu ere, askotan, eraso sexualak pertsona ezagunengandik etortzen direla. Ezaguna nahiz ezezaguna izan, gogorik ez baduzu, EZETZ ESAN. Ez duzu inolako jokabide sexualik jasan behar zure borondatearen kontra. Eta ez uste errudun zarenik EZETZ ESATEAGATIK, ez eta sexu harremana izatera behartzen bazaituzte ere, nahiz eta zuk EZETZ ESAN.

Bestalde, Udaltzaingoak 24 orduko zerbitzua eskainiko du festetan, telefonoz, eraso sexual baten aurrean deitu ahal izateko: 636458016.

ERASORIK GABEKO JAI PAREKIDE ETA ERANTZUNKIDEEZ GOZATU!