Jabekuntza kontzeptua 80 eta 90 hamarkadetan indarra hartzen hasi zen, batez ere Garapenerako lankidetza eremuan. Ondoren, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuneko arlora hedatzen hasi zen eta arlo honetan, Emakumeen jabekuntza kontzeptua lehen aldiz Bejiingen 1995ean, Emakumeen Munduko IV. Konferentzian jaso zen. Emakumeek banaka zein kolektibo gisa beren egoeraren jabe izateari dago lotuta eta emakumeek politika publikoen diseinuan, ezarpenean eta ebaluazioan parte hartzeko aukera izatea da helburua. Ordutik, Jabekuntza, mainstreaming edo zeharkakotasunarekin batera Berdintasunaren aldeko ezinbesteko bi estrategia izan dira.
Emakumeen jabekuntzaren barruan hiru botere mota defini daitezke: a)Emakumeak beren mendekotasunaz jabetzea eta beren buruan konfiantza handiagoa izatea (berezko edo barruko boterea). b) Era autonomoan antolatzea, beren bizitzei eta nahi duten garapenari buruz erabakitzeko. Botere kolektiboa. (boterea besteekin). c) Mobilizatzea, beren interesak identifikatzeko eta mugatu eta beren mendekotasuna betikotzen duten harreman, egitura eta erakundeak eraldatzeko (boterea zerbait lortzeko).
Boterea, beraz, ez da batzuk besteak zapaltzea. Ez da zero emaitzako botere batuketa. Ez da egungo jendartean gailentzen den botera. Harreman simetrikoagoak sortu eta batuketa positiboko boterea antolatzea helburu duena baizik. Bestalde, Jabekuntza ez da eman daitekeen ondasun bat, emakumeak protagonista diren prozesu dinamiko bat baizik. Emakumeen jabekuntza sustatzen duten espazio eta prozesuen hamaika adibide dauzkagu han eta hemen. Baina guztien oinarrian sare lana daukagu.
El Salvadorreko Las Dignas Eztabaida Eskola Feministaren adibidea esaterako, inspirazio iturri garrantzitsua izan da Euskal Herriko jabekuntza eskolen sarean. 2003. urtean hasiera eman zitzaion EHko lehen jabekuntza eskolaren egitasmoari eta ordutik sarea handitzen ari da. Topaleku eta hausnarketarako guneak dira hauek, praktikotasunetik estrategikora doazen guneak.