Aurreko astelehena, Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna zen eta aurten ere langileak eta sindikatuak atera dira haien aldarrikapenak eskatzera, lehenengo Maiatzaren Lehenan egin zen bezala: egun hartan Ameriketako Estatu Batuetan greba orokorra hasi zen zortzi orduko lanaldia eskatzeko.
Badakigu aldarrikapen guztiek badutela bere oinarria: soldata duina, prekarietatearen desagerpena, lanaldi osoa… baina hau esanda, foro honetara ekarpen bat ekarri nahi dut. Ez da nik hausnartutako zerbait, baizik eta Cristina Carrasco Bengoa ekonomistak, Bartzelonako Unibertsitatearen irakasleak eta ekonomia feministan ikertzaileak erakutsitakoa.
Astelehenean langileak ikusi genituen kaleetan. Baina, nondik sortzen dira langile hauek? Non hazi eta hezi dira? Nork zaintzen ditu? Langile hauek egunero-egunero lanerako prest dira emakumeek egunero-egunero bizitza mantentzeko egiten duten lan erraldoi ezkutuagatik. Eta oparialdi ekonomikoa eta krisia pasa eta gero, argi izan behar dugu aurreratzeko eta lan sistema aldazeko, hau kontuan hartu behar dugula.
Cristina Carrascok hiru ideia eskaintzen dizkigu. Batetik, ekonomia merkatuaren mugetatik kanpo oinarritzen da, hau da, ordaindu gabeko etxeko lanak ere ekonomiaren parte dira. Bigarrena, “zaintza” lanak dira; hitz honekin aipatu nahi ditugu etxeko lanak, harreman emozional eta afektiboak jasotzea, balioak ikastea, atseden hartzea, gaixotasun zaintzea… azken finean denok elkarren menpe gaude bizitza osoan. Eta hirugarrena: hau guztia kontuan hartuta, bai ekonomia, bai giza garapen sostengatuaren erdigunean jarri behar ditugu “zaintzak”.
Aurreneko Maiatzaren leheneko aldarrikapena zortzi orduko lanaldia izan zen, eguna hiru zatitan banatu ahal izateko asmoz: zortzi ordu lan egiteko, zortzi ordu atsedenaldia izateko eta beste zortzi ordu jarduera publikoetan (bakoitzak nahi dituenetan) ibiltzeko.
Gaur konturatu gara hau ez dela posible, batez ere emakumeentzat; beraz, ez da ezer aldatuko lan sistema berrantolatzen ez badugu. Kontuan izan, Carrascok esaten duen moduan, “sistema kapitalistak etxeetako lanaren beharra duela, iraun ahal izateko”.