Iñigo Aritza Ikastola eta Zelandi Ikastetxeko ikasleek antzerki tailerretan arituko dira aurten ere, hezkidetza dramatizazioaren bidez jorratzeko.
Egitasmo honek 2004 urtean eman zituen lehenengo urratsak, Altsasuko udaleko kultura eta berdintasun zerbitzutik abiatuta. Altsasuko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun planean errotuta dago, hain zuzen ere, 4. ildo estrategikoaren 1. programan: koedukazioa eta orientazio ez-sexista, hezkuntza ziklo guztietan.
Egun, Lehen Hezkuntzako 2., 4. eta 6. mailetako ikasle eta irakasleek hartzen dute parte. Nafarroako Antzerki Eskolak klaseak ematen ditu eta Altsasuko Udalak finantzatu, Nafarroako Gobernuak lagunduta, INAFI-ren bitartez.
Proiektuan parte hartzen dutenek berebiziko garrantzia ematen diote heziketari. Izan ere, ezinbestekoa da berdintasunean eta sexuagatiko eta generoagatiko bereizkeria ezan oinarrituriko jendarte eredu berri bat eraiki ahal izateko. Halaber, ezinbestekoa da ikastetxeetan hezkidetzaren balioak bultzatzea, bide ezin hobea baita generoen arteko desberdintasuna eta emakumeekiko indarkeria ezabatzeko.
Horiek horrela, hezkidetzaren xedea da neskek eta mutilek izaera eta identitate propioa, femeninoa zein maskulinoa, garatu dezaten lortzea, aukera berdintasunean oinarrituta eta sexu estereotipoak eta orientabideak baztertuz, denon artean gure jendartearen garapenaren eta ongizatearen alde lan egiteko.
Hezkidetzan oinarritutako heziketak, mutil eta nesken arteko harremanak orekatuak izatea du helburu. Gatazkak ebazteko jarrera baketsuak sustatzen ditu, elkarrekiko errespetuan, elkarrizketan, adiskidetasunean zein mutil eta nesken arteko elkarlanean oinarriturik. Irakasteko metodologia dramatizazioa da, batik bat jolasean oinarritzen delako eta honen bidez, neska zein mutilek primeran pasatzen dute, oso gustura aritzen dira bizi diren mundua irudikatzen eta mundu hobea bilatzen eta baita amesten ere.