Uda joan eta dagoeneko ikasturte berri batean erabat sarturik gaude, ikasleak martxa hartuta eta ikastetxeak, une honetan, egindako planifikazioak gurasoei aurkezten. Une hoberena eta aproposena da, berez, gure asmoa planteatzeko: bai irakasleak, bai gurasoak, bai politikariak gonbidatu nahi ditugu Hezkidetza Sistema sortaraztera eta martxan jartzera.
Aspalditik hezkidetzako programak lantzen ari dira gure ikastetxeetan: emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioa lantzeko, neska mutilen artean harreman onak sortzeko, gurasoei formprestakuntza emateko, edo genero gabeko aukera profesionalak lantzeko. Pentsatzen dugu hau dena islatzen dela eta bilduta dagoela Lanbide Heziketako Institutukoek egindako ‘Haziaren itzala’ eskulturan, Institutuko atarian dagoena.
Baina lan eta programa hauek bakarrik ezin dute hezkidetza lortu, hezkuntza-sistema orori buruz hitz egiten ari garelako, ez behin-behineko eta puntualtasunez egindako programei buruz. Honetan denok gaude ados, heziketaz asko dakitenak bereziki.
Zertaz ari gara orduan? Hezkidetza sistema planifikatua eskatzen dugu: zein arlotan landu behar den, arduradunak zeintzuk diren, nola garatu behar den, zein epetan, nola ebaluatu definitzen duen planifikazioa; baita azken urteetan, irakasleek eta ikastetxeek egin dituzten ekimenak eta esperientziak edo Uudalek eta taldeek ikastetxeetan abian jarri dituzten programak biltzen dituena ere; ahaztu gabe, sistema hori feminismoen ikerketa zientifikoen aurrerapenetan oinarrituta egon behar dela.
Hau egitea ez da soilik Sakanako ikastetxeen ardura, ezta irakasle batzuen edo guraso edo Uudal batzuena; hau Hezkuntza Politika da, eta gure proposamena da ikasturte honetan, programak egitearekin batera, gure lana egitearekin batera, denok batera Hezkidetza Sistema eskatzea. Hau da bidea currickulumak eta ebaluazioak genero ikuspuntutik berraztertzeko, ikasliburu eta material didaktiko inklusiboak izateko, espazioen eta hizkuntza erabileran generoa sartzeko eta familiak Hezkidetzan bertan inplikatzeko.
Emakumeen Bilgunea