Aurreko astean UGT sindikatuaren jubilazio-pentsioei buruzko ikerketa irakurri genuen Nafarroako egunkarietan. Datuen arabera emakumeen pentsioak 512,33 euro txikiagoak dira hilean, gizonezkoenak baino. Ikerketaren arabera, honek esan nahi du jubilazio-pentsioen genero aldea %33,60koa dela, soldaten aldea baino 4 puntu gehiago, une honetan %29,65koa baita.
Informazioa ez dugu errepikatuko, baina gaia zabaldu nahi genuke, lanaren garrantzia zein den ikusi eta gure bizitzan zer nolako eragina duen ikusteko.
Argi dago lanak erabat baldintzatzen gaituela jubilazioan, sistema publikoak ordaintzen dizkigulako pentsioak eta hauek lan-sarien eta zergen araberakoak direlako. Beraz, gutxiago kobratzen dutenek pentsio txikiagoak izango dituzte; are gehiago, lanaldi partzialak egin dituztenei, edota urte gutxiago lan egin dutenei jubilazio-pentsioak murriztuko dizkiete. Dakigunez, gaur egun pertsona ugari daude egoera hauetan, baina jakin ere badakigu pertsona hauen artean emakumezkoak direla gehienak, lanaldi osoa lortzen ez dutelako, seme-alabak edo gurasoak zaintzen dituztelako, lanaldia eta etxeko lanak ezin dituztelako bateratu, edo krisi honetan enpresek gizonak aukeratzen dituztelako lanpostuak betetzeko…
Baina helduak garenean ere asko baldintzatzen gaitu lanak: ongizate babesa sistema (batez ere langabezian) lanean eta lan-sarietan oinarrituta dago; baita osasun sistema ere, orokorrean osasun txartel baten titularra langile bat baita, hobe esanda, gizarte segurantza ordaintzen duena, eta besteak, lan egiten ez duten familiako beste pertsona batzuk, horren menpe daude; etxebizitza izateko eskubidea ere lanean oinarritzen da, dirua kobratzen ez duenak ezin du bankuetxeetako mailegu bat lortu, ezta babes ofizialeko etxebizitzarik ere.
Ez da soilik lan egiteko eskubidea, honekin batera beste eskubide asko lortzen baititugu, ….. baina lanaz ari gara edo enpleguaz? Nork dauzka eskubideak: lana egiten duenak edo lan-saria kobratzen duenak? Noiz baloratuko dira kobratu gabe egiten diren lanak? Besteak egiteko hauek ez dira beharrezkoak, ala?
Ángeles Duran soziologoak, esaten duen moduan ‘lana’ eta ‘enplegua’ ez dira soilik bi hitz desberdinak, bi politika desberdinak baizik.