Aurreko abenduan Altsasuko Udalaren Emakumeen Bilguneak 25 urte bete zituen; une hartan 3 hilabeteko proiektu pilotu moduan hasi zena lan egonkor bihurtu da. Egindako ibilbidea errepasatuz gauzak asko aldatu direla konturatu gara, haien artean legea eta gizartearen babesa lortu duela.
Urtemugaren programan parte hartu dutenek agerian jarri dute ideia hau: emakumeok, gizartearen %50 garenok, kiroletan, arlo kultural eta artistikoetan, politikan, parte hartze sozialean dagokigun lekua bete eta betetzen ari garela.
Egoera berezi hau kontuan hartuta eta Guaixek emandako aukera aprobetxatuz, ekitaldia bukatu zuen mezua zabaldu nahi genuke, Altsasuri ez soilik baizik eta Sakanako gizarteari eta gizarte osoari bidalitako mezua delako:
‘Inork ez du pentsatu behar hau kasualitatez sortu dela; ibilitako 25 urte hauetan oso garrantzitsua baita egindako lana: kontzientziatzeko, formatzeko, aholkatzeko, salatzeko, aldarrikapenak egiteko, eta emakumeok elkarrekin egiteko bidea laguntzeko lana.
Oraindik ere ibiltzeko bidea badugu; ziur aski Emakumeen Bilguneak beste 25 urte beteko ditu, baina jarraitzeko elkarren beharra dugu, elkarrekin aukera gehiago izango baitugu, elkarrekin instituzioetan, enpresetan, kulturan, kiroletan edota pertsonen arteko harremanetan aurrerapen gehiago lortuko baitugu; elkarrekin gizartearen aldaketa bultzatzen baitugu, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak gero eta txikiagoak izaten eginez.
Entzun eta ikusi dugunak etorkizunik badugula esaten digu. Hemen dauden andre helduek lortu dutena, ‘betiko gauzak’ dira gazteenentzat, baina, gazteak, zuek ere baduzue egiteko lana! Eta beste eginkizun batzuen artean bi azpimarratzekoak dira: emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazi behar dugu eta ‘zaintzak’ jarri behar ditugu gure agendetan, nahiz eta gure sistema ekonomikoa ikararazi.
Eta ibilbide hau egiteko gizonak ere nahi ditugu: eraso sexistetan bere isiltasunarekin konplizeak ez diren gizonak, zaintzen dituzten eta bere burua zaintzen duten gizonak, hau da, patriarkatua zalantzan jartzen duten gizonak.
Mila esker guztiei. Gora Emakumeak!