Manada

kolaboratzaileak

Gertaerak  aurrera egiten ari diren bitartean iritzi zehatza eta sakona izatea oso zaila denez, gaurko honetan ‘Manada’-ren izeneko sententziak sortu duen egoerari buruz hainbat gogoeta azaldu nahi dizkizuegu.

Hasteko, ‘Manadaren sententziak sortu duen egoera’ esaten da, baina ez dugu uste sententziak berak zerbait sortu duenik, honek beste mila eta mila sententziaren ildo bera segitu duelako: emakumeez mesfidatzea. Sententziaz haratago, zerbaitek sorrarazi du egoera: feminismoak eta emakumeen taldeek aspalditik egindako lana. Inoiz baino emakume gehiago atera gara kalera, baina hau ez da bat-bateko gauza izan, atzetik egon dira emakumeen kontrako indarkeriei buruzko hainbat hausnarketa, ikasketa, sentsibilizazioa, protesta etab. Hau da indartu behar duguna.

Bestalde, boto partikularra eman duen epailearen kritika orokorra eta bere lan eremukoen defentsa ditugu. Gure ustez bidezkoa da edozein kritika edo defentsa, baina hauetan sartu ez arren, ez dugu gure helburua alde batera utzi nahi. Sententzia legeetan oinarrituta dago, jurisprudentzian, justizia egiteko, gertaera horiek begiratzeko eta ulertzeko modu batean. Horregatik, gure jomuga ez da izan behar epaile bati gaitasuna kentzea, baizik eta legea aldatzea eta sistema juridiko osoari formazioa ematea legea betearazteko. Eta hori da talde politikoen ardura, politikariei eskatu beharrekoa.

Halaber, hedabideek emakumeen aurkako indarkeria kasuak tratatzeko erak kezkatzen gaitu. Mesedegarriak al dira hainbat datu pertsonal, bai salatzaileenak bai akusatuenak, hamaika aldiz errepikatutako hainbat irudi, abokatuei egindako beste horrenbeste elkarrizketa, sententziaren emankizun zuzena?  “Mesedegarri” diogunean galdetu nahi dugu ea indarkeria ezabatzeko egokiak al diren. Ez al dute emakumeen aurkako indarkeria ikuskizun bihurtzen? Tratamendu serioagoa eta gaiarekiko konpromiso tinkoagoa behar dituen gaia da, ez soilik entzule kopurua handitzen edo jaisten duen horietakoa.

Emakumeok parte aktiboa izan behar dugu aldaketa sozial hauetan guztietan, norberak bere ardurarekin, kaleetan eta arlo guztietan, ministroari ‘ad hoc’ sortutako batzordearekin gertatutakoa ez emateko, hau da, emakumeen kontrako indarkeriari buruzko legea aldatzeko batzordea sortu eta batzordean emakumerik ez!