Prekaritatea?

Erabiltzailearen aurpegia
Prekaritatea?

Aurtengo Martxoaren 8an Munduko Mugimendu Feministak, Sakanakoak barne, greba feminista egitera deitzen gaitu esparru desberdinetan hainbat eskabide aldarrikatzeko, horien artean prekarietatearena.

Honekin lotuta, Emakundek 2018an argitaratutako ‘Soldata arrakala euskal autonomia erkidegoan’ txostena lortu dut egun hauetan, eta gure prekarietateari buruz hitz egin duela iruditu zaidanez, Guaixen konpartitzea pentsatu dut. Ez da Sakanako egoeraz ari, baina guretzat erreferentea izan daiteke.

Soldata arrakalak lan-merkatuko diskriminazioa eta desberdintasunak islatzen ditu, eta horiek, praktikan, emakumeei eragiten diete nagusiki. Arrakalak adierazten du zer distantzia dagoen batez besteko ordainsarietan –soldata eta osagarriak–, emakumeen eta gizonen artean. Hauen artean soldata diskriminazioa dago, hau da, lan bat egiterakoan balio erantsia emateari ez dagokiona eta lana egiten duen pertsonaren sexuaren arabera soilik azal daitekeena.

Eta orain, laburturik, zifrak: EAEn % 24,3ko soldata-arrakala zegoen 2015ean; baina datu latzago bat, 2,2 puntu gehitu zen 2009tik, % 22,1ekoa izan baitzen orduan. Soldata-arrakala handiena zerbitzuetan zegoen (% 23), eta gero, industrian (% 19,3), emakume gehiago dauden sektoretan. Kontratu-motaren arabera, 2015ean kontratu mugagabeak erakusten zuen soldata-arrakalaren ehuneko handiena (% 26,2) eta iraupen mugatuko kontratuak % 8,8.

Adinaren arabera, datuetan ikusten zen arrakala handiagoa 35 urtetik 54ra bitartekoetan zegoela. Eta adin-tarte hori bat dator ugaltzeko adinarekin (35-44 urte) eta mendeko beste pertsona batzuk –gurasoak...– zaintzen hasten diren adinarekin.

Ez gara soilik soldatei buruz hitz egiten ari, ezta enplegua izateko eskubideari buruz ere, prekarietateaz baizik, emakumeen bizitzaren prekarietateaz, soldata arrakalak Gizarte Segurantzako kotizazioetan eta ondoko pentsioetan eragin handia duelako eta oso lotuta dagoelako emakumeen autonomia ekonomikoarekin. Eta, bukatzeko, erakusten duelako zaintza-lanekiko erantzunkidetasun falta, bai eremu publikoan, pribatuan eta gizonen artean.

Agian horrexeagatik hau da Martxoaren 8ko grebaren beste aldarria: bizitzak erdigunean!